Ideiak akzio bihurtzen ez direnean…

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Izagirre

Asko hitz egiten da egungo gazteen antolakuntza eta konpromiso sozial gabeziaz, digitalizazioaren ondoriotzat hartu dugun pasibotasunaz edota aldarrikapenak klik bitartez egitera mugatzen dituztela... 

Gure aurreko belaunaldiek borrokatu zituzten guk gozatu ditugun eskubide sozial guztiak, eta gu ez gara gai izan eurak beldurrez eta isilean mantendu zutena azaleratu eta justizia sinbolikoa egiteko, errelatoa osatzeko diskurtso ofiziala auzitan jarriz.

Geurean izandako genozidioa izendatu eta aztertzeko gai izan ez garenez, ulergarria da orain gertatzen direnekin nahasiak ibiltzea. Hemen patriarkatu katoliko apostolikoa izan zen dogma eta horren etsaitzat hartzen zen oro ezabatua edo adoktrinatua izaten zen.

Momentu honetan guztion ahotan dabilen genozidioa ere erlijiosoa da. Zergatik zuzentzen dugu elkartasuna palestinarrengana, musulmanekiko genozidioa bada? Zergatik ez dugu kredo askatasuna praktikatzen hemen, gure komunitateetan, horren hunkituak bagaude kredo bakarraren inposaketa noraino eraman daitekeen ikusita?

Hemen eta orain gaia lantzeak gure bizi ikuspegia zabaltzea dakar, ikasgai berrietara irekitzea, familiarra eta erosoa zaigun gizarte eredua berdefinitzea eta gure konfort gunetik ateratzea.

Pentsa dezagun momentu batez: gure komunitateko musulmanen kredo askatasuna bermatua al dago? Gure seme-alaben lagunartean nahi ditugu? Gure lagunartean nahi ditugu?

Errazagoa da gure kontzientzia garbitzea kartel baten atzean aldarria eginik, baina genozidioaren konplize ez izateko zerbait gehiago behar delakoan nago.