Intentziorik gabeko kalteak

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Izagirre 2025ko api. 4a, 11:00

1989. urtera arte legezkoa zen haurren esplotazioa eta haurren kontrako zigor fisikoa; zilegizkoa, hezkuntza metodo gisa ulertuta. Ordura arte, senar batek emaztearen kontra zerabilen indarkeria ere zilegia zen haren jarrera edo jokaerak zuzentzeko; emazte ona izan zedin alegia. Beraz, esan genezake garai hartan gizartean bazegoela logika komun bat, eta haur bat edo emakume bat kolpatua ikusiz gero, pentsatuko zutela zerbait egina izango zuela.

Gure artean ere oso ohikoa da zintzotzat dugun pertsona batek kalte egin diola esaten digunari “nahi gabe egingo zuen” edo “ez zuen min egiteko intentziorik izango” erantzutea.


Zenbatetan erabili dugu aitzakia hori maite dugun norbaiten izen ona auzitan ez jartzeko? Eta zenbatetan erabili dugu argumentu berdina gure seme-alabekin? Edo halakotan ulertu nahi izaten dugu bere burua defendatzeko erasotuko zuela, aurretik zerbait jasango zuela? Ez ote gabiltza etengabean maila ezberdinetako biolentzia justifikatzen?


Intentzionalitatearen argumentuak justizia eremuan du balioa; egileak bere ekintzen efektuaren kontzientzia baldin badu, ardura osoa egotzi ahal baitzaio eta horren araberako zigorra ezarri. Egilearen motibazioa eta arrazonamendua ulertu nahi izatea, gure enpatia ariketa hori, ondo dago, baina gizatasun hori gizarteratu nahi badugu, maite dugun pertsonari hazteko eta gizaki moduan garatzeko aukera eman nahi badiogu, bigarren pausoa ezinbestekoa da. Kolektiboa norbanakotik erregulatzen da, legeak zigorgarria denaren muga ezartzen du. Gure jokabideek besteengan duten eraginaren kontzientzia garatzea ezinbestekoa da autorregulazioa lantzeko, min egiteko intentzioa egon edo ez, eta hau egiten dakiten subjektuak behar dira gizatasunean oinarrituriko kolektiboak sortzeko.