Sozializazioari dagokionez, aldiz, taldeak egiten duenera bultzatzen ditugu seme-alabak, bakarrik ez daitezen gelditu eta ez gara jabetzen horren kostuaz. Erlazioetan, metroan bezalaxe, neure ibilbidea bilatzeko gai ikusten naizenean nago ondo: dakidanean noiz eta norekin sentitzen naizen eroso, zerk mintzen nauen eta zerk sortzen didan poza, zer egitea dudan gustuko eta zer ez… Beraz, etxera datorrenean esanaz gaur ez duela ondo pasa ezeroso egin zaion egoera batengatik, ez dezagun haren kontakizuna gutxietsi.
Baina hurrena kalera irtetzeko motibaziorik ez duela ikustean, bultzatuko dugu irtetzera taldetik kanpo geldituko den beldurrez. Hori eginda lortzen dugun gauza bakarra da bere sozializazio prozesua traumatikoa izatea; ez eraso bortitz batek sortzen duen trauma ikusgarri eta nabarmena izatea, baizik eta erosoak ez zaizkigun oinetakoekin kilometroak eta kilometroak ibili ondoren sortzen diren zauri erreak sortzea; ezin bereizi izatea gero non sortu zen urratua, jada hanka osoan dugulako mina: bere iritzia gordetzen duen bakoitzean edo onartua sentitzeko benetan sinisten ez duena defendatzen duenean, sakonki mindu duen iruzkinari barre egitean, edo taldean onartua izateko lagun mina iraindu duenean...
Lagun diezaiegun pertsona autonomo gisa osatzen, benetan gozatzen dituzten zaletasunak bilatu eta elikatuz eta seguru sentitzen diren lekuetan soilik egonaz, gatazkei modu lasai eta eraginkorrean aurre egiteko gai diren arte. Eta behin beren izaeraren oinarria finkatua dutenean, ahalko dituzte topatu benetako lagunak, izaera eta balio antzekoak dituztenak; mundura irtetzeko segurtasuna emango diotenak.