Elgoibar - Mendaro - Deba BIDEGORRIA bultzatzeko lehen urratsak

Erabiltzailearen aurpegia BIDEGORRIA NOIZ 2025eko azaroaren 12a

Lehenik eta behin, urriaren 23an Mendaron egindako bileran parte hartu zenuten guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu. Parte-hartze handiak eta erakutsitako interesak argi uzten dute gure herrien arteko lotura segurua eta jasangarria lortzeko borondate partekatua badagoela.

Azken asteetan hainbat urrats eman ditugu aurrera egiteko. Elgoibarko Udalak antolatutako legegintzaldi erdiko aurkezpenean parte hartu genuen, eta etorkizuneko bidegorriari buruzko hainbat galdera egiteko aukera izan genuen.

Udal gobernu taldeak jakinarazi zigun Altzola pareko trenbideko tunelaren obrak lehen fasearen amaierara hurbiltzen ari direla. Behin trena tunel berrira desbideratuta, bigarren fasea hasiko da, eta bertan San Antolinetik Altzolara bitarteko trenbidea bidegorri bihurtzea aurreikusten da. Proiektuaren zati hori gauzatzeko Elgoibarko udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta baita ETS (Eusko Trenbide Sarea) enpresa publikoarekin batzartu izan da.

Bestalde, Elgoibarko udalak gainontzeko gune urbanoan bidegorria eraikitzeko trazadura Hiri Antolamendu Plan Orokorrean (HAPOan) jasota dagoela aipatu zuen. Etxe-tar enpresa pareko orubean industri gunea gauzatu arte bidegorria San Antolineko aldapatik bideratuko zela aipatu zuten.

Bestetik, Aldundiari galdera bat egin diogu bidegorriaren plataformaren bidez, Mendaro eta Deba arteko zatia zein egoeratan dagoen jakiteko. Jasotako erantzuna hau izan da:

“Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Arloko Planaren programazioaren arabera, Deba-Mendaro tartea (04 002 F) Plan hori berrikusten denean egitea aurreikusten da, hau da,  2032tik aurrera.”

Erantzun horrek kezka handia sortu digu, izan ere, 2032. urtetik aurrera kokatzen du lanen hasiera, eta ez du zehazten noiz amaituko liratekeen.
Gure ustez, epe haundi hori itxaron beharra gehiegizkoa da, are gehiago gure herrien arteko lotura hain beharrezkoa denean; ez dator bat ez Europatik ezta Foru Aldunditik bultzatzen ari diren mugikortasun iraunkorreko helburuekin ere.

Gure taldeak lanean jarraituko du, herritarrak informatzen eta mobilizatzen, proiektu hau ez dadin paper artean geratu eta ahalik eta lasterren errealitate bihur dadin.

Dagoeneko, Change.org plataforman sinadura bilketa kanpaina bat abian jarri dugu gure egitasmoaren babesa jasotzeko eta lehen orduetan erantzun bikaina izan du 500 sinaduratik gora jaso bait ditugu. Eskerrik asko zuen erantzun ezin hobeagatik. Sinadura hauek zilegitasuna emango digute aurrerantzean egingo ditugun bilera eta ekintzetarako.

Elgoibar - Mendaro Deba Bidegorria bultzatzeko sinatu hemen!

Aurrerantzean berri gehiago ekarriko digugulakoan agurtzen zaituztegu. 

Gurekin kontaktuan jartzeko hurrengo helbidera idatzi: bidegorrianoiz@gmail.com