Ukrainara zihoazen drone batzuk NATOko hegazkinek suntsitu dituzte. Gabon, banoa ohera. Instagram ala liburua? Instagram, nekatuta nago eta. Bi story Palestinako gosete masiboa salatzen. Hurrengoan lehengusuaren argazki bat Indonesian oporretan. Hau inbidia. Segidan ospitale bat lehertzen duen bonba baten bideoa. Berandutzen ari zait. Ai, errezeta hau gorde egingo dut hurrengo baterako. Albistea: bost kazetari erail ditu Israelek. Tira, banoa lotara, bada ordua.
Bati baino gehiagori ezaguna egingo zaio pasadizo hori. Badira egun bizi dugun garaiari «informazioaren aroa» deitzen diotenak, baina hori ere muturreraino eraman dugu (sorpresa!). Eskura ditugun baliabide digitalek informazioa eta haren zabalkundea erabat demokratizatu dute gure gizartean, eta orain informazio-jario etengabe batean bizi gara. Gure burmuinek prozesatu eta ulertu dezaketen baino askoz informazio gehiago jasotzen dugu, ikaragarrizko abiaduran, gainera.
Horren ondoriorik eta larriena, agian, gure gizartearen sentsibilitate falta da. Erabat desinhibituta bizi gara, ez dugulako denborarik erreakzionatzeko. Horren ondorioz gure atentzioa oso garesti ordaintzen den zerbait da: ahalik eta lerrobururik sentsazionalistenak, irudirik bortitzenak edo errealitaterik ankerrenak bakarrik eragiten digu segundo batez geratzea. Eta horri ere azkar samar egiten diogu scroll.