BECa bete dute (beste behin)

Erabiltzailearen aurpegia Arkaitz Uranga

Azkenaldi honetan sentsazioa dut inoiz baino gehiago betetzen ari direla Euskal Herriko areto handienak euskal musikarien kontzertuekin. Badirudi topatu dutela sarrerak barra-barra saltzeko formula magikoa: «errepikatuko ez den zerbait» premisa da gakoa jendea bankuko txartelaren datuak dagokion laukitxoan idazten hasteko

Izan ditugu adibide nabarmen batzuk azkenaldian; hala nola, azken kontzertua dela esatea (eta gero beste hiru iragartzea), edo izen mistikodun kontzertu bat ematea, esperientzia berezi eta errepikaezin bezala salduta (gero esperientzia errepikaezin hori, nola ez, errepikatu egingo da).

Joera berri horren azaleko irakurketa eginez gero, pentsa dezakegu onuragarria izan daitekeela: euskal musika oholtza handian bere tokia egiten ari da eta jendeak babesten du. Baina apur bat hausnartzen badugu, laster konturatuko gara egungo gizarte turbokapitalistaren dinamiken erakusle garbia dela moda hori. Kapitalismo postmodernoan kultura kontsumo-gai bilakatu da, eta bere arrakasta eta oparotasuna merkatuaren parametro eta irizpideen arabera neurtzen da: ahalik eta sarrera gehien saltzea, ahalik eta tokirik handienean.

Kultur-sistema hegemonikoetan planteamendu horrek funtzionatzen du, hegemoniak berak ematen dion azpiegiturak ahalbidetzen duelako. Ingelesez edo gazteleraz sortzen eta banatzen den kulturak funtziona dezake merkatu-dinamiken baitan, badagoelako nahikoa hartzaile merkatuaren gurpila martxan mantentzeko. Gure kasuan, ordea, ez da errealista pentsatzea eredu horri jarrai diezaiokegula, euskal kulturaren hartzaileak, nahitaez, gutxi izango direlako. Horregatik iruditzen zait euskal kulturaren biziberritzean BECa edo Nafarroa Arena betetzea ez direla pentsa dezakegun bezain funtsezkoak. Gure joko-zelaia ondo ezagutu eta ulertu behar dugu, eta horren arabera diseinatu gure ekintza-plana.