2019an Everest Trail Race lasterketan parte hartzeko aukera izan nuen. 2021ean, berriz, Mera Peakera (6476m) espedizioa egin genuen bost neskak. Bi aldi haietan oso bestelako egoeran nengoela esango nuke. Gogoan daukat 2019an ihesi etorri nintzela Himalaiara. Detox handi bat behar nuen barrua lasaitzeko eta lasterketak ematen zidan azpiegitura eta segurtasuna baliatuta egin nuen estreinako bidaia hona.
2021ean, berriz, bizitzan mugarri izan nuen ebakuntza atzean uzteko oparia izan zen Mera Peak. Berezia oso, bost neskak osatu genuelako taldea.
Bidaia luzea da Katmandura, eta nekagarria. Aireportuetako kontrol eta itxaronaldi amaigabeek izugarri nekatzen dituzte hala gorputza nola burua. Oraingoan ere halaxe izan da. Are gehiago, haizeteak egun bat atzeratu baitigu bidaia. Loiu-Istanbul-Katmandu izan behar zuen bidaiak baina Madril ere gehitu zaigu haizetearen ondorioz. Bidaietan izugarri sufritzen dut hanketako erretentzioarekin, are gehiago orain bezala, hilerokoaren zain nagoen egunetan. Horregatik, Madrilen esnatu eta goizeko hotzarekin 40 minutuko korrikaldia egiteak zirkulazioa aktibatu eta arindu dit. Hotel, kotxe eta eraikin artean noala, berriz konturatu naiz zelako zortea daukagun Euskal Herrian bizitzeaz. Bilbo hiri handia da niretzat, atera kontuak Madril. Eta zer esanik ez Katmandu. (Grounding-a ere oso ona omen da jetlag-ari eta erretentzioari aurre egiteko. Baina ea nor audartzen den Katmanduko kaleetan hankahutsik ibiltzen😅 ni ez, behintzat).
Izan nadin zintzoa: Katmanduko kaosak badu xarma, baina ni Chamonixeko pijeriora nago ohituta (kar, kar), eta Nepalgo hiriburuan ordu gehiegi egiteak urduri jartzen nau. Trafiko zoroa, motoak, busak, autoak eta furgonetak noranahi, nahieran. Klaxon hots etengabea, eta istripua istripuaren atzetik behar lukeen kaos batean jendea lasai asko hara eta hona. Eraikin asko amaitu gabe uzten dituztela esan dit lagun batek, senitartekoei gordetzeko. Iritsi orduko airea ez da gurean bezain gardena, lanbro moduko bat atzeman liteke. Kutsadura XXL. Hauts izugarria, akaroei alerjia diegunontzat paradisua. Milaka denda imajina daitekeen guztia saltzen. Hemen denborak ez dauka garrantziarik. Eguna egin, eta bihar berriz beste egun bat hasi.
Argindar kableen armiarma sareak txundituta utzi ninduen etorri nintzen lehen aldian. Berdin-berdin jarraitzen dute, edo kable gehiagorekin. Kale estuak, hautsez beteak eta halako batean goi mailako auto edo moto kontzesionario bat. Banbuzko makiletan eusten diete eraikin askori, erortzeko zorian baleude bezala. Eta bat-batean, aldamenean, luxuzko hotel bat. Kontrastez beteriko herrialdea.
Tenplu asko daude Katmandun, errezuguneak nonahi. Arranditsuak eta xumeak, nahieran. Ni ez naiz oso tenplu zalea. Adeitasunezko bisita egin eta bale. Mendizale askori izugarri gustatzen zaie espedizioaren aurretik eta ondoren Katmanduko kaleetan galtzea. Nik nahiago nuke hegazkinak lodge (Himalaiako aterpetxeak) batean utziko bagintu zuzenean😅
Gu baino lehenago iritsi ziren taldekideak dentistarenean ere izan dira. Ez nekien espedizio bat hasi aurretik hitzordu garrantzitsua zela ahoa ondo begiratzea. Ez dakit guk aukerarik izango dugun, kariesak eta bestelakoak gurekin etorriko dira Everest ingurura😅
Hotelean motxilak eta petateak antolatu eta bihar ekingo diogu trekkinari. Orduan orekatuko zait gorputza, seguru. Hilerokoa, hankak hustu eta biorritmoak lerrokatu. Aurretik, baina, Thameleko (Katmandu erdigune ezaguna) kaosean murgilduta egingo dugu ongietorri afaria.
🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵
-Ainho, Nepalera noa azaroan, hilabeterako. Txikonen espedizioan. Ama Dablam ingurura.
-Uf! Hilabete gehiegi da niretzat. Ama Dablam? Palabras mayores.
-Bai, tontorrarekin itsutu gabe, trekkinaz eta inguruaz gozatu eta ahal bada gailurrari ekinaldi bat egin.
-Ondo-ondo pasa!
Irailaren erdialdean izan genuen elkarrizketa hori lagun batek eta biok. Berehala baztertu nuen joateko aukera, baina, tarteka, neure burua Himalaian irudikatzen nuen. Mendizale handiak ezagutu, haiengandik ikasi, hilabeteko espedizio bat nola kudeatzen duten ikusi. Elkarrizketak egin. Baina hilabete, lanean baimena eskatu beharko nuke, erokeria zen. Dendan ere behar naute, sare sozialak eramaten aritzen naiz eta hori eguneroko lana da. Erokeria zen Himalaiako espediziora joatearekin pentsatze hutsa. Baina egunak joan eta egunak etorri, nahi gabe Ama Dablameko bideoak ikusten ari naizela ohartu naiz, elkarrizketa eta artikuluak irakurtzen, eta arra sartu zait. Joango banintz? Nire bizitzako esperientzia handienetakoa izango litzateke seguraski.
Azaroaren 4an banekien Alexek Mendietxe inauguratuko zuela Azpeitian. Mimo handiz egindako mendi-museo bat. Astelehen goiza zen Alexen deia jaso nuenean. Enbajada tonua zeukan telefono dei hark (kar, kar).
-Ainho, bazatoz gero? Ez daukat aurkezlerik!
-Nola? Eta orain abisatzen didazu? Hiru ordu eskas falta direnean? Te mato (kar, kar)
Txikon style. Lanean beti bezain adeitsu eta ulerkor nirekin, eta libratu nuen arratsaldea Mendietxen izateko. Espero baino jende gehiago bildu zen (“Alex te mato” askotan pentsatu nuen hizlariei hitza ematen ari nintzela).
Material hura guztia han ikusteak barrua mugitu zidan. Piolet eta kranpoi zaharrak, kanpin dendak, telekabina bat, milaka objektu eta bakoitzak historia liluragarri bat sakonean. Ezin nuen aukera galdu eta espedizioan joan nintekeen galdetu nion Alexi. Baietz esan zidan, trekkinera, tontorrera edo beste edozertara. Hala ere, erokeria iruditzen zitzaidan oraindik. Hiru aste baino ez ziren falta espedizioa hasteko, nola utziko nuen dena Himalaiara joateko? Ez, erokeria zen.
Baina hari eta honi galdezka hasi nintzen. Gurasoei ezer esan gabe, ezagutzen ditudan mendizaleei informazioa eskatu nien. Bidaiaz eta esperientziaz gozatzea jada ikaragarria izango zela ebatzi nuen, nahiz tontorra handiegi izan niretzat. Ez dut inoiz ahaztuko zenbat lagundu didazuen informazioa eman didazuen guztiek: Jonatan Garcia, Eneko Pou, Iosu Merino, Txolo, Juanito Oiartzabal, Jos maitea… mila esker abentura honetan parte hartzera animatu nauzuelako.
Karakateko igoeraren ostean bazkaria egin dugu Bergaran, eski lagunek. Bazkaritan eskalatzaile lagun bati kontatu diot buruan dabilkidan asmoa. Erabat animatu nau. Nola ez zara joango? Sekulako aukera da!
Baina azaroak 16 ditu eta astebete falta da Nepalera abiatzeko! Hurrengo bi egunetan ez dut lorik egin. Gauez esnatu eta Pumori eta Ama Dablam inguruetako bideoak ikusten ari naiz. Gauez oso beltz ikusten ditut gauzak eta espedizioa baztertzea erabaki dut. Ahizpak esan zidan ez galdetzeko inori, nik neuk hartzeko erabakia. Baina nire esentzian doa jendeari galdetzearena eta azkenean 10 bat lagunengana jo dut (kar, kar). Etbko arduradunak esan dit halako aukera bat zalantzan jartzen badut, zahartzen ari naizela (kar, kar). Buruan zurrunbilo ikaragarria daukat.
Hiru bat ordu lo egin eta, esnatu naizenean burutazio bat izan dut: lanetik esango balizute, loramen, Himalaiara lanera joateko, joango zinateke? Bi aldiz pentsatu gabe, bai noski. Orduan? Zergatik ez opor modura? Pentsamendu hori erabakigarria izan da baiezkoa emateko. Asteartea da, ostiralean da bidaia, baina erabakia hartuta dago, banoa! Urko psikologoak badaki zenbat kostatzen zaidan halako erabakiak hartzea, zuzen jokatzen ari ote naizen jakitea. Baina behin erabakiz gero, palante! Eta hemen nago, Katmandurako hegaldiaren zain.
Etbn izugarri erraztu didate hilabeteko baimena eskatzeko kudeaketa, dena egin dute express. Alexek esan dit botak ziurtatzeko. Nork izan ditzake 41 zenbakiko garaierako botak? Juanitori deitu diot (zelako matraka ematen diodan gizon honi telebistan mendiko albiste bat eman behar dudan aldiro! Kar, kar):
-Que quieres esta vez Ainhoa!
-Juanito!!! Que tal? Esta vez no quiero entrevistas, quien puede tener unas botas del 41?
-Pues yo! Vente a casa y te pruebas! Pero tu ya andas en el monte, Ainhoa?
-Hombre Juanito, no tanto como tu, pero algo si que ando…😅
Kontatu diot zer eta nola ibili naizen mendian nire 43 urteetan. Eta esan dit ez itsutzeko ezerekin, eta gozatzeko Nepalez. Zelako zortea, benetan. Euskaldunak eskuzabalak gara, zinez. Material mordoa utzi dit abenturarako.
Etxera bidean, burua martxan daukat berriro. Juanitok ez zekien mendizalea naizenik, mendizalea ote naiz? Bai mendizalea naiz, ez dago dudarik. Baina espedizio hau handi geratzen zait? Mendian ba ote nabilen galdetu dit Juanitok. Nondik begiratzen zaion… esaterako, nire lagun Ekain eta Jaionerentzat, nire mendi jarduerak muturreko alpinismoa dira🤣 baina Juanito moduko goi mendizale batentzat, hutsaren hurrengoa. Aparta naizenez nire burua zigortzen eta zalantzan jartzen, beldurrak alboratu eta bidaiaz gozatzea erabaki dut. Bizipenen eguneroko bat egin, elkarrizketak grabatu, jendea ezagutu eta batez ere mendian barneratu.
Azken bizikleta saio eta korrikaldietan etengabe irudikatu dut nire burua espedizio honetan, eta hemen nago, Katmandurako hegaldiaren zain.
Liher eta Aia agurtzea asko kostatu zait. Ez al dira Tia Ainhoz ahaztuko hilabetean! Ahizpari esan diot: ama eta izeba izatearen artean bada beste zerbait, hala sentitzen naizelako zure seme-alabekin. Nire ere badirela. Izugarri maite ditut. Eta badakit espedizio honetan une gogorrak iristen direnean euren begirada garbiak aupada izugarria emango didala.
Ama agurtzea ere ez da erraza izan. Malko batzuk egin ditugu, baina badaki mendia nire pasioa dela, eta pozik dago nire bitartez esperientzia honen parte izateko. Ama, Himalaiara zatoz nirekin!
Zailena, ordea, aita agurtzea izan da. Besarkada xume bat, negarrik ez, baina badakit pena gehien berak daukala banoalako. “Con todos los montes que tienes aqui, no te vayas”. Barrua uzkurtzen zait. Ulertu arren ez duelako ulertzen, eta beldurra ere badaukalako.
Etxekoari zer esan, bizitza den espedizio zoragarrienean oreka eman didanari.
Dena azkar prestatu ostean bagoaz Loiura! Bidean azkenekoz agurtu dut, Anboto. Zelako zortea daukadan, bueltan lana, familia eta bizimodu zoragarri bat dauzkat zain, eta gure mendi ederrak ere bai.
Ostiralean atera dira Alex eta taldekide batzuk. Ni eta bi azpeitiar larunbatean. Haizeak, ordea, hegaldi asko zapuztu ditu eta egun bat atzeratu zaigu bidaia. 11 ordu egin ditugu Loiun eta azkenik atera gara Madrilera. Orain, Istanbul eta Katmandurako hegaldien zain gaude. Ez dago atzera bueltarik, Nepal zain daukagu!