Datorren astelehenean hasiko da Everest Trail Race lasterketa, eta etapen kronikak egiteko asmoa du Lendinezek. Barren.eus-eko komunitatean irakurri ahal izango dituzue.
Lasterketa gogorra izango dela dio, garaieragatik bereziki eta egokitzeko denbora gutxi dutelako. "Etapak ere ez dira labur-laburrak, eta eguneroko nekea nabarituko da. Baina ilusio handia daukat, etxean eta lagunek izugarri animatu naute, izugarri lagundu. Material mordoa prestatu, tramite mordoa egin, eta banoa!. Parte hartzen bigarren euskalduna izango naizela uste dut, Zigor Iturrietaren ostean, eta han egon diren lagun apurrek esan didate ahaztezina dela esperientzia. Hango jana, hango tenpluak, eta antolatzaile, korrikalari eta nepaldarren arteko giroa aipatu dizkidate. Eta noski, hango paisaia. Pentsatu ere ezin dut egin". Helburu birekin doa motxilan: lasterketa amaitzea eta paisaiari bihotz-begiekin argazki zoragarriak egin eta betiko haiek etxera ekartzea.
•Mendiaren bitartez bidaiatu
Aurten urte berezia izaten ari dela aitortu du. Lasterketak albo batera laga behar izan zituen; batetik, martxoan anemiak jota egon zenez, lehiatu ezinda gelditu zelako; eta, bestetik, zerbait desberdina egiteko gogoa zuelako aurten. Hala, mendiaren bitartez bidaiatzea erabaki zuen. "Ekainean astebete zoragarria pasatu nuen Alpeetan, abuztuan amets bat bete nuen Afrikara joan eta Kilimanjaro mendia igota. Urrian astebete egin dugu lagun talde zoragarri batek Atlas mendietan, Marokon, eta, orain... Nepal beti izan dut buruan. Nire mugak oso argi dauzkat, ni ez naiz eskalatzailea, ez naiz alpinista, ezta korrikalaria ere. Eta pausoak mailaka eman nahi ditut, mendiarekiko errespetuz. Trekking bat egiteko egun gehiago behar dira eta Everest Trail Race lasterketaren berri jaso nuen bapatean, eta pausoa eman dut. Etxean eta lagunei esan diet, orain da unea, eta banoa. Asko pentsatu ostean erabakia hartu det", adierazi du.
Etxean jaso duen babesa eta lagunengandik jaso duena izugarri eskertzen dituela gaineratu du. "Gaur abiatuko naiz Katmandura eta astelehenan hasiko da lasterketa. Ondo bidean, Karakateko igoerarekin batera helmugara iritsiko naiz. Hortaz, aurten ez naiz Karakaten izango baina senide eta lagunak bai. Animo bertan izango zareten guztioi!".