Gaur estreinatuko dute 'Azken Erromantikoak' filma Zinemaldian

Erabiltzailearen aurpegia Butaka Gorria 2024ko ira. 23a, 14:45

Elgoibarren filmaturiko 'Azken erromantikoak' pelikula estreinatuko dute gaur Donostiako Nazioarteko Zinemaldian. Kursaalean egingo du filmaren lantaldeak aurkezpena, eta, hara gerturatutako ikusleekin, solasaldia, arratsaldeko 16:30etatik aurrera. 

Miren Gaztañaga aktorea protagonistatzat duen Azken erromantikoak filma, Txani Rodriguez idazlearen Los últimos románticos liburuan oinarrituta dago, eta Zaira Zanguitu elgoibartarra aritu da zuzendari laguntzaile lanetan.  

SINOPSIA
Irunek, joera hipokondriakoak dituen emakume dudatsu eta bakarti batek, herri industrial baten kanpoaldeko fabrika batean egiten du lan. Iruneren bizitza ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da: bere lankideak, adiskidea edo halako zerbait den bizilagun bat eta inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkion Renfeko operadore bat. Iruneren oreka hauskorra apurtu egingo da bularrean koskor bat detektatzen diotenean eta, aldi berean, lan-gatazka bati aurre egin beharko dio. Orduan, emakumearen bizitzak ustekabeko norabide bat hartuko du: baliteke ez jakitea, baina betitik itxaron duen aukera izango du. 

ZUZENDARIA
David Pérez Sañudo (Bilbao, 1987) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da eta zuzendaritza zinematografikoko masterra egin zuen ESCACen. 10 film labur baino gehiago zuzendu ditu eta munduko zinema jaialdi askotan erakutsi ditu. Besteak beste, hauek dira nabarmentzekoak: Indirizzo (2011), Malas vibraciones (2014), Artificial (2015), Tiempos muertos (2017) eta Aprieta pero raramente ahoga (2017), Kimuak sailean bildua eta Donostia Zinemaldian aurkeztua. 2020ko EITB Galan berak zuzenduriko Alardea telesaila aurkeztu zuen. 
Urte berean, Ane,  arrakasta gehien eman dion filma aurkeztu zuen New Directors sailean. Donostiako Zinemaldiko euskal gidoirik onenaren eta euskal zinemaren Irizar saria jaso zituen eta baita hiru Goya ere. Sail berean lehiatuko da aurten bere bigarren film luzearekin.

Hona filmaren aurrerapen-bideoa