Horrez gain, Veneziako Mostran estreinatu berri den 'Marco' filmean lan egin zuen iaz Zanguituk. Espainiako Zinema Akademiak Oscarretarako bidean jarri du filma, aukeratutako hiru filmetako bat izan da, eta azkenean Hollywoodera 'Segundo Premio' iritsiko bada ere, aukeraketa horrek pisu handia du edozein pelikularentzat.
Nola sortu zen Elgoibarren filmatzeko ideia?
Lantegi bat behar genuen, eta Elgoibarren falta ez direnez, zuzenean lagunei galdetu nien. Batek, Bernardo Ezenarroren aurreko lantokia hutsik zegoela aipatu zidan eta gauean, familiarekin afaltzen nengoela, gaia atera nuen. Hala zela baieztatu zidan amak eta aukera egokia ikusten zuela. Berak egin zidan kontsulta; jabeekin hitz egin eta ateak ireki zizkiguten, baita erraztasun guztiak eman ere. Oso eskertuta nago; plato bat bihurtu zen guretzat.
Zer suposatu du zuretzat herrian filmatzeak?
Madril bezalako hiri batean bizi garenontzat lantokira oinez joateko aukera izatea eskertzekoa da eta ez hori bakarrik, amaren janari goxoa catering-agatik aldatzea ere bai. Zuzendaritza talde osoa gurasoen etxera eraman nuen eta denok eskertu genituen bazkari haiek. Azkenean astebete baino gehiago eman genuen Elgoibarren.
Alde onez gain, alde txarren bat aurkitu zenuen?
Eskailera-buru edo atari zabala behar genuen filmatu ahal izateko eta nire amama eta lehengusina bizi diren etxekoak halakoak dira Erretsundin. Bertan errodatzea erabaki genuen, bizilagun gehienek txikitatik ezagutzen nauten lekuan eta hori zoragarria izan zen. Eskertzekoa da haien jarrera ona, baina Madrilen egon banintz agian ez nuke hainbeste sufrituko; ez nituen behar baino eragozpen gehiago sortu nahi, haien jarrera ona ikusita.
David Perez Sañudo da 'Azken erromantikoak' filmaren zuzendaria eta zuzendari laguntzailea zu. Zein da zure ardura?
Nire ardura zuzendariaren buruan sartzea da, bere buruan dagoena ulertzea eta bere ikuspuntua nireganatzea; hau da, filma aurrera eramateko plangintza erosoena bideratzea.
Bere bigarren luzemetraia da hau; 'Ane' izan zen aurrekoa. Donostiako zinemaldian estreinatuz hasi zen eta Goya sariak eskuratuz jarraitu zuen. Non dago bere arrakastaren sekretua?
Lana oso serio hartzen du, inplikazioa erabatekoa da. Horrez gain, berak badaki giro hori lantaldera eramaten eta azkenean norberak ere, berak bezalaxe sentitzen du filma. Bestetik, pertsonaien barne-munduak lantzeko moduak nabarmentzen du David Perez Sañudo zuzendari moduan.
Aktoreekin harreman zuzena duen zuzendaria da?
“Burbuila entseguak” bezala izendatu genituen saioak egitea erabaki genuen. Reality show bat balitz bezala, aktoreak bi egun osoz murgildu genituen Azken erromantikoak proiektuan. Bertan, zuzendariak aktoreekin inprobisazioa landu zuen. Horrela, aktoreak egoera ezberdinetan jartzen zituen, behin bakoitzak bere pertsonaiaren izaera ondo bereganatuta zuenean. Lan hori errodajean islatu zen eta inprobisazioak emaitza onak eman zituen.
Zertaz doa 'Azken erromantikoak' filma?
Filmak irekitzera ausartzen ez garen ateez edo hartzera ausartzen ez garen trenez hitz egiten digu. Edonoren bizitzan noizbait gertatu ohi den egoera horretaz.
Irune, Miren Gaztañaga aktorearen pertsonaiak, pisu handia du filmean. Zer suposatu du berarentzat eta lantaldearentzat horrek?
Mirenek lan ikaragarria egin du proiektu osoan. Protagonista da eta pertsonaia horren ezaugarriengatik pisu gehiena bere gain erori da, eta ez da erraza eramaten. Egunero 11 orduz pertsonaia horren energia ez galtzea oso zaila da. Gainera, zineman istorioak ez dira kronologikoki filmatzen eta lana ondo egiteko, pertsonaia oso barneratua izan behar da, istorioan uneoro pertsonaia emozioz nola dagoen argi izateko. Mirenek zama hori eramateaz gain, lantaldea animatzen zuen; besteoi lana errazteaz arduratzen den pertsona da. Gainera, errodajeek askotan etxetik urrun egotera behartzen gaituzte. Film honek Sevilla eta Lisborara ere eraman gintuen eta lankideak “familia” bihurtzen dira egoera horretan. Miren pertsona oso maitatua izan da taldean, batetik, bere profesionaltasunagatik eta bestetik, den modukoa izateagatik.
'Azken erromantikoak' filma Txani Rodriguez idazlearen 'Los últimos románticos' eleberrian oinarrituta dago. Filma eskaini zizutenean liburua irakurrita al zenuen?
Nik idaztea gustuko dut eta Madrilen idazkera lantzeko hainbat ikastaro egin izan ditut. Ondo idazteko, idazteaz gain, asko irakurri behar da. Beraz, irakasleak hilero liburu bat proposatzen zigun eta kasu hartan irakurketaren ondoren, online hizketaldia izan genuen Txani Rodriguezekin. Galderak egin nahi nizkion, baina lotsak geldiarazi ninduen, berak liburuaren eskubideak film bat egiteko saldu zituela aipatu zuen arte. Une horretan galderak egitera ausartu nintzen. Handik hilabete batzuetara filmean parte hartzeko proposamena egin zidaten, eta gidoia irakurri ostean baiezkoa eman nuen. Nire buruan liburua irakurtzean irudikatutako mundua irudietan islatzea oso erakargarria iruditu zitzaidan. Txanirekin elkartzeko aukera eman zidan horrek eta ilusioa egin zidan bera gure solasaldiaz oroitzen zela jakiteak. Gure harremanak pantaila zeharkatu zuen, eta, bera ezagutzea gustatu zait.
Uda honetan filma Donostiako Zinemaldirako aukeratua izan zela jakin zenuenean zer sentitu zenuen?
Donostiako Nazioarteko Zinemaldia erakustoki ezin hobea da filma estreinatzeko. Leiho erraldoia irekitzen zaie filmei, bai zinema aretoetan egotea bermatzeko, eta baita gainerako zinemaldietako ateak errazago irekitzeko ere.
'Azken erromantikoak' filmaz gain iaz Aitor Arregi eta Jon Garañok zuzenduriko 'Marco' proiektuan lan egin zenuen. Veneziako Nazioarteko Zinemaldian, Mostran, estreinatu berri dute eta Donostian Perlak sailean izango da ikusgai. Horrez gain, Oscarretarako lehian sartuta dago. Zer sentitzen da horrelako proiektu baten parte izaterakoan?
Urte berean horrelako bi proiektu interesgarritan lan egiteko aukera izatea pribilejio hutsa da. Loreak, 80 egunean, Handia, La Trinchera infinita… gertutik jarraitu izan ditudan lanak izan dira eta zuzendari horiekin lan egiteko aukerak asko irakatsi dit. Eduard Fernandez aktorea da protagonista, arrakasta dela eta zuzendari askorekin lan egin du, eta adierazi nahi dudana adierazteko, bere hitzak lapurtuko dizkiot: “Zuzendari hauena beste mundu batekoa da. Eskutik neramatela sentitzen nuen. Sentsibilitate hutsa dira”.
Azkenean filmean Eduard Fernandezen, (Marcoren), ama izaten amaitu duzu. Nola iritsi zinen horretara?
Zuzendariek Marcoren ama izateko eskatu zidaten filmean erabiltzen den argazki batean. Moriarti taldeko zuzendarien filmeetan ia lan talde osoa agertu ohi da pantailan; ekipoarekiko keinu polit bat da. Nik ez dut oso gustuko kamera aurrean agertzea, baina ezin nion uko egin fikzioan Eduard Fernandezen ama izateari (barre eginez aipatzen du).
'Lasa eta Zabala', 'Ventajas de viajar en tren', 'Voy a pasármelo bien', 'El salto'… ikus-entzunezko 40 proiektu baino gehiagotan parte hartu duzu, gehienetan zuzendari laguntzaile gisa. Zure proiektua zuzentzen ikusiko zaitugu?
Zineman lan egiten dugun askok, era batean, horrekin amesten dugu eta nik baita ere. Noizko? Zeinek daki, bidean nago eta ez da gutxi. Erraza ez bada ere, ea laster izan daitekeen.
Txani Rodriguez idazleak eta Miren Gaztañaga aktoreak Zaira Zanguituri buruz esandakoak aste honetako BARREN aldizkarian irakur ditzakezue.