Erregalu modukoa izan da eskolarik gabe dauden umeentzat eta bidaia guztiak umez beteta egin ditu Txu Txu trenak. Trena Kalegoen plaza eta Maalako parkea bitartean zebilen bitartean, Txankakuako maskotak ere ibili dira kalez kale, puxikak eta oparitxoak banatuz.
Txankakuak saltoki txikien garrantzia nabarmendu nahi du Gabonetako kanpaina antolatuta. Herriko dendariek ematen duten konfiantza eta hurbiltasuna azpimarratu dituzte, eta gogora ekarri dute merkataritza txikiak herriari bizia ematen diola. Kanpainari ikusgarritasuna emateko, Txankakuako denden atarian alfonbra gorria eta lorontzia jarri dituzte. Horrez gainera, produktu ekologikoz betetako zazpi saski zozkatu zituzten eta 1.800 euro ere zozkatuko dituzte erosketa bonoetan: 500 euroko bi eta 100 euroko zortzi. Txankakuaren dendetan erosten dutenek parte hartu ahal izango dute. Urtarrilaren 9an egingo dute bonoen zozketa, notario aurrean.