Zazpi saski ekologiko eta erosketa txeketan 1.800 euro banatuko ditu Txankakuak Gabonetako kanpainan

Barren.eus 2022ko abe. 2a, 13:37

Gabonetako kanpaina aurkeztu du Txankakua merkatari elkarteak, eta aurten ere hainbat sari zozketatuko dituzte, abenduan zehar herriko dendetan erosten dutenen artean. Produktu ekologikoz osatutako zazpi saski eta erosketa txeketan 1.800 euro banatuko dituzte.

Txankakua merkatari elkarteak saltoki txikien garrantzia nabarmendu nahi du Gabonetako kanpainan. Herriko dendariek ematen duten konfiantza eta hurbiltasuna azpimarratu dituzte, eta gogora ekarri dute merkataritza txikiak herriari bizia ematen diola. Kanpainari ikusgarritasuna emateko, Txankakuako denden atarian alfonbra gorria eta lorontzia jarri dituzte. Gaur hasiko da kanpaina, eta abenduaren 22ra arte iraungo du. Epe horretan Txankakuaren dendetan erosten dutenek txartel bat jasoko dute beraien izen-abizenak eta telefonoa zehazteko, eta horrekin hartuko dute parte otarren zozketan. Horrez gain, erosketa-bonoen zozketarako txartelak ere jasoko dituzte. Hamar erosketa-bono zozkatuko dituzte, 500 euroko bi eta 100 euroko zortzi. Urtarrilaren 9an egingo dute bonoen zozketa, notario aurrean.

 • Txu-txu trena
Horrez gain, urtarrilaren 3an txu-txu trena ibiliko da herriko kaleetan, 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era. Txankakuako maskotak ere irtengo dira kalera, eta leialtasun opari txikiak banatuko dituzte.

Gabonetako kanpaina hau Elgoibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Rural Kutxak babestu dute.