Konfinamenduak, ordutegi eta edukiera murrizketak eta herriak eremu gorrian sartzean itxi behar izanak eraman ditu ostalariak batzera, eta herriko establezimendu gehienak sartu dira elkartean. King-Kong tabernako Manu Rey izendatu dute lehendakari, eta esan duenez, “azkenean” bukatu da herriko goiko aldeko eta beheko aldeko ostalarien arteko bereizketa, eta aurrerantzean denak batera egingo dute indarra, euren beharren alde: “Bakoitzak bere aldetik bakarka baino indar handiagoa egingo dugu taldean”, esan dute. Horrez gain, prezioen politika berdindu nahi dute, eta egoerak ahalbidetzen duenean, kontzertu edota bestelako ekimenak antolatzeko asmoa erakutsi dute, ostalaritzari bultzada emateko.
Reyk emandako datuen arabera, Elgoibarren 46 bat ostalaritza establezimendu daude, eta momentuz, 36 batu dira elkartera. Hasierako etapa honetan Txarridunako Imanol Urain (lehendakari-ordea), Gabiko Eneritz Buruntza (diruzaina), eta Tantako Leire Urbiola eta Celia tabernako Celia Teixeira (bokalak) egongo dira zuzendaritza taldean Manu Rey presidentearekin batera.
Elgoibarko ostalarien sektoreak bat eginda protesta egin zuen, 2020ko azaroan. Tabernen itxieraren kontra protesta egitera irten ziren herriko kaleetara, itxiera salatzeko eta bizi zuten egoera larriaren aurrean diru laguntzak eta babes neurriak eskatzeko. Gero, aurtengo urtarrilean, udal ordezkariei jakinarazi zizkieten dituzten beharrak eta eskaerak. Eneritz Burunzak eta Manu Reyk berba egin zuten ostalarien izenean udal ordezkari guztien aurrean. Bi mobilizazio horiek izan ziren Aizu! elkartea sortzeko abiapuntua. Hor ikusi zuten elkar hartuta eta elkarte baten babespean indar gehiago egin dezaketela bakoitzak bere aldetik eginda baino.
∞Lotura duten albisteak:
- 10 minutuko geldialdia egin dute ostalariek (2021-03-16)
- Elgoibarko ostalariek udal ordezkariei jakinarazi dizkiete dituzten beharrak eta eskaerak (2021-01-27)
- Elgoibarko ostalariak kalera irten dira tabernen itxieraren kontra protesta egitera (2020-11-13)
- Ostalariek kezka handiz bizi dute egoera (2020-05-08)