Erakusleihoen Gabonetako lehiaketa antolatu du Udalak, erosketak sustatzeko eta kaleak animatzeko

Barren.eus 2020ko aza. 18a, 15:59

Gaia Gabonak izango da, eta merkataritzako eta zerbitzuetako establezimendu guztiek parte hartu ahal izango dute, baldin eta Gabonetako dekorazioa erakusteko ageriko erakusleihoren bat baldin badute. Udalak Gabonetako objektu berbera emango die parte hartzen duten establezimendu guztiei. Objektu hau erakusleihoan egon beharko da, establezimendu bakoitzak diseinatzen duen dekorazioaren artean. Objektua Gabonetako zuhaitz modernoa izango da, argiztatua; eta erakusleihoaren arabera, Udalak egokitzat jotzen duen zuhaitzaren tamaina aukeratuko du. Hiru tamaina izango dira: handia (80 cm-ko altuera), ertaina (60 cm-ko altuera) eta txikia (40 cm-ko altuera).

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek azaroaren 23ra arte izango dute izena-emateko epea, (egun hau barne) 14:00ak arte, eta horretarako, izen-emate orria bete eta e-posta bat bidali beharko da sustapena@elgoibar.eus helbidera; edo bestela, izen-emate orria hartu eta HAZ bulegoan aurkeztu beharko da (Santa Ana kalea, 2). Abenduaren 9rako erakusleihoak prest egon beharko dira, eta dekorazioa ezin izango da aldatu 2021eko urtarrilaren 6ra arte. Abenduaren 9tik 10era argazkiak aterako dizkiete erakusleiho guztiei Udalaren webgunean jartzeko. Eta, 2020ko abenduaren 12tik 2021eko urtarrilaren 6ra, herritarrek erakusleiho gogokoenei botoak (1-5 puntu emanda) emateko aukera izango dute Elgoibarko Udaleko webgunean.

Epaimahai teknikoak bi sari emango ditu, 300 eurokoa lehenengoa eta 200 eurokoa bigarrena, Txankakuako dendetan gastatzeko. Aurreratu dutenez, epaimahikideek honakoak hartuko dituzte kontuan: erakusleihoaren osaera, modernotasuna, originalitatea, produktua edo zerbitzua bera dekorazioan integratzeko modua, argiztapena edota koloreen konbinazioa. Herritarren botuen bidez emango dute beste sari bat, 100 eurokoa eta bozkatzen duten herritarren artean 50 euroko erosketa bono bat zozkatuko dute.

Ikus hemen lehiaketaren oinarriak -PDF-