Eguenetako azoka egin ahal izateko segurtasun neurriak aztertu ditu Elgoibarko Udalak azken egunetan. Salmenta postua jarriko duten 18 merkatariek beraien arteko espazio handiagotu beharko dute (2 metro albo batetik eta frontalki, 4 eta 6 metro artean). Hori dela eta, eremu publikoaren okupazioa handitu du Udalak, Lekueder parkea eta Aita Agirre plaza hartuko du azokak, eta Aita Agirre plazako aparkaleku gehigarriak kenduko dituzte. Covid-19 gaitzak eragindako osasun-krisiaren hasieran, martxoan, bertan behera geratu zen azoka, eta orain, aire zabaleko merkatuetan edo herri bideko saltoki ibiltarien merkatuetan bezeroek izan behar dituzten higiene neurri guztiak errespetatuz jarriko dute berriro martxan. Neurri horien artean, aipatzekoak dira besteak beste:
- Establezimenduek gel hidroalkoholikoa banatzeko ontziak, Osasun Ministerioak baimendutakoak eta erregistratutakoak izan beharko dituzte, saltoki postuaren sarreran.
- Autozerbitzu guneak baldin badaude, zerbitzua saltokiko edo merkatuko langile batek eman beharko du, bezeroek ezin baitituzte produktuak ukitu.
- Bezereoek ezingo dituzte produktuak probatu.
- Ehunen eta arropa konponketen merkataritza sektoreko establezimenduetan, arropa probatzeko gelak pertsona bakar batek erabili beharko ditu, eta garbitu eta desinfektatu egingo dira erabili ondoren.
- Bezero batek arropa probatu eta erosten ez baldin badu, establezimenduaren titularrak neurriak ezarriko ditu, jazkia higienizatzeko, beste bezero batzuei eman baino lehen. Halaber, Udalak gogorarazi nahi du nahitaezkoa izango dela maskara erabiltzea beste pertsona batzuekin bi metroko segurtasun tartea errespetatu ezin den tokietan. Eta erosketarako behar den denbora erabiltzea gomendatzen dute, ez gehiago.