Egoitza fisikoa Elgoibarko Kultur Etxean duen PuntuEus fundazioak ostalari, merkatari eta artistei laguntzeko Ireki ate berri bat izeneko ekimena abiatu du. Covid-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, urrez aurreko jarduera ia guztia eten da, eta kaltetuenetarikoak enpresa txikiak eta artistak izan dira. Enpresa eta proiektu txiki horiei digitalizatzen lagunduko die PuntuEus-ek, Dinahosting eta Cdmon erregistratzaileekin lankidetzan. Webgunerik ez duten negozioek eta profesionalek urtebeterako doan eskuratu ahal izango dituzte .eus domeinua eta zerbitzaria. Horrez gain, domeinu-izena duen helbide elektronikoa ere eskuratuko dute programan parte hartzen dutenek.
Horri esker, euren online presentzia indartu ahal izango dute eta jarduera internet bidez kudeatzen jarraitu, besteak beste, enkarguak jaso edo eskaintzen dituzten zerbitzuak ezagutzera eman. Gainera, domeinuarekin batera helbide elektroniko bat ere jasoko dute programan parte hartzen dutenek.
Dagoeneko egin daitezke laguntza eskaerak, PuntuEus fundazioaren webgunean. Gainera, PuntuEus-ek webgune bat nola sortu pausoz pauso azaltzen duten hainbat bideo jarri ditu Youtuben herritarren eskura.
Argitu dutenez, bideo horiek kaixomundua.eus hezkuntza-proiekturako sortuak izan diren arren, baliagarriak izango dira informatika ezagutzarik gabe webgunea sortu nahi duten profesionalentzat.