Greba mugabagea hasi dute Mendaroko Ospitaleko Tecman enpresako beharginek

Barren.eus 2019ko uzt. 2a, 18:10

Mendaroko ospitaleko mantenimenduaren ardura dauka Tecman SVA S.L. enpresak. Bertako langileek greba mugagabea hasi dute gaur, hitzarmen duin baten alde eta enpresaren ez-betetzeen aurrean, LAB sindikatuak jakinarazi duenez.

 Tecman enpresako beharginek azken bi hilabeteetako gertakarien berri eman nahi dute publikoki, prentsara bidalitako prentsa ohar baten bitartez. Idatzian zehazten dutenez, 2019ko maiatzaren 1ean hasi zen enpresa hori Mendaroko Ospitalari zerbitzua ematen. "Bi hilabete besterik ez dira igaro, baina hasiera ezin okerragoa izan da", dio langileek sinatzen duten idatziak.
Hainbat aste "jo eta ke" borrokan aritu ondoren, lan egutegia eta oporretarako egunak zehaztea lortu dutela azaldu dute, baina ez dela nahikoa diote.
Salatu dutenez, nominaren egitura "alde bakarreko erabakiz" aldatu da. "Bajak ez dira aurreikusten, zaintzari lotu ordainsaria hutsaren hurrengoa da. Osakidetzako langileek dutenarekin alderatuko bagenu, ez digute langileen artean komunikatzeko gailurik ematen, ez dira pleguak zehazten duen langile kopurua betetzen, gure soldata KPIaren gainetik eguneratzea nahi dugu, kontratu motekin eta antzinatasunekin arazoak ditugu,... Ez dezakegu ahantz lankide bat arbitrarioki egotzia izan dela, eta horren harira, lanari berehalaxe ekin diezaiola eskatzen dugu", gehitu dute.

 • Greba mugagabea gaurtik aurrera
Hainbat bilera eta proposamen egin dituztela ere jakinarazi dute, baina ez dute erantzunik jaso. Hori dela-eta, gaurtik hasita greba mugagabea deitu du langileen batzarrak. Deialdiaren berri jakin ostean, enpresak eurekin biltzeko batzar proposamena egin ziela zehaztu dute. "Bilera horretan hainbat gairi buruz berba egin genuen arren, ez zuten inolako konpromisorik hartu".
Bilera haren ostean, blokeatuta zegoen egoera askatzeko bi proposamen egin zituzten langileek, "enpresa-hitzarmen batean jazo zitezen". Gertatzen ari zaiena ezagutzera emateko beharra sentitu dute.
"Ez dugu ahaztu nahi ere Osakidetzari dagokion ardura, kontratugilea delako; jadanik adierazi zaio Tecman SVA S.L. enpresa plegua ez dela betetzen ari", adierazi dute. Hau dela-eta enpresaren zuzendaritza eta Osakidetzari "irtenbide duin bat" eskatu diete. Ez dugu onartuko gure eskubideak ez errespetatzea, gure lan baldintzak kaskar daitezela, ez dugu atzera pausurik emango, eta Mendaroko Ospitalean diharduten Tecman SVA S.L.-ko langileek hitzarmen duina izan dezaten borrokatuko gara", gaineratu dute.