Elgoibarko Udalak iazko aurrekontuan aurreikusitakoa baino 453.628,84 euro gehiago jasoko ditu eta 79.107,59 euro gehiago Mendaroko Udalak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, laugarren urtez jarraian hobetu du bere errekorra Udalak Finantzatzeko Foru Funtsak (UFFF), pasa den urtekoa ia %10ean gaindituz eta aurrekontua ia %6an hobetuz. Honen ondorioz, lurraldeko udalek 29 milioi euro gehigarri izango dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga bilketaren aurreikuspen bat egiten du urtero, eta aurrekontuan jasotzen du herri bakoitzari dagokion kantitatea. Horren arabera ordaintzen die Diputazioak Udalei urtean zehar, eta gero, otsailean, zerga bilketa benetan nola joan den ikusi ostean, behin beitiko kalkulua egiten du eta udalei likidatzen die bakoitzari dagokiona. Laugarren urtez jarraian, bilketa hori positiboa izan dela nabarmendu du Aldundiak, aurrekontuan aurreikusitakoa baino gehiago jaso duela zerga bidez, alegia. Eta, ondorioz, udalek diru gehiago jasoko dute. 2007tik 2013ra bitartean, foru fondoen likidazioan udalek dirua itzuli behar izan zioten Diputazioari.
Aldundiak joan den otsailaren 15ean azaldu zien datua eta nola banatuko den dirua EUDELeko (Euskadiko Udalen Elkartea) ordezkariei, Donostian egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluaren bileran. Finantza Politiketako foru zuzendari den Bittori Zabala izan zen Foru Aldundiko ordezkarietako bat eta Elgoibarko alkate Ane Beitiak ere hartu zuen parte bileran Eudel ordezkatuz (goiko argazkian).
Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa (UFFF)
Aurrekontua 2018 | Likidazioa | Saldoa | |
Elgoibar | 7.660.600,37 € | 8.114.229,21€ | 453.628,84 € |
Mendaro | 1.335.919,46 € | 1.415.027,05 € | 79.107,59 € |