Pintxo Lehiaketa egingo dute asteburuan Mendaron

Barren.eus 2017ko mai. 4a, 13:52

Mendaroko ostalaritza sustatzeko, pintxo lehiaketa antolatu du Udalak astebururako. Hamar tabernak hartuko dute parte, eta pintxoak euro batean salduko dituzte.

Taberna bakoitzak pintxo bana prestatuko du, eta euro batean salduko dute. Zapatu eta domekan, 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 21:00etara dastatu ahal izango dira. Zapatua girotzeko txaranga bat kontratatu du Udalak. Bi sari banatuko dituzte: pintxo onenaren saria eta epaimahai herrikoiaren saria. Bigarren horretan pintxoa dastatzen duen edonork hartu dezake parte. Udalak papertxoak utziko ditu tabernetan, eta herritarrek pintxoaren balorazioa egin beharko dute. Parte hartzen duten guztien artean 50 euroko bi sari banatuko dira, herritarrek emandako botuekin irabazi duen pintxoaren tabernan gastatzeko.

• Menditxo nagusi azken bi edizioetan

Menditxo tabernak irabazi du Mendaroko Pintxo Lehiaketa azken bi urteetan, iazkoan Mendibost izeneko pintxoarekin. 2016ko lehiaketan parte hartu zuten hamar tabernek 2.077 pintxo saldu zituzten guztien artean.

  • Honako hauek dira Mendaroko VI. Pintxo Lehiaketan parte hartuko duten hamar tabernak: Aitz-beltz, Arrats, Chow, Lagun Betikoak, Luzaide, Menditxo, Ormola, Toki-Alai, Txirristaka eta Uztargi.

pintxo lehia mendaro

Lotura duten albisteak: