Debabarreneko ekonomiari buruzko saioa egingo dute eguenean IMHn

Barren.eus 2017ko api. 26a, 08:59

BARREN astekariak eta Soraluzeko Pil-pilean aldizkariak Ekonomia Gurean izeneko saioa antolatu dute eguenerako (apirilak 27), Tokikomekin eta IMHrekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Debabarreneko ekonomiaz berba egiteko jardunaldia izango da, eta gure bailarako ekonomia gertutik ezagutzen duten kideak izango dira hizlariak.

Tokiko garapena eta ekonomian aditua den Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Miren Estensoro; IMHko zuzendari Ixaka Egurbide eta Mendaroko Egile enpresa taldeko Josu Agirrezabala izango dira hizlariak.
Gaur egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkei buruz berba egingo dute, besteak beste. Mahai inguru formatoan izango da saioa. Elena Laka Topaguneako presidenteak egingo ditu aurkezle lanak, eta hizlariek haren galderak erantzun beharko dituzte. Era berean, herritarrek protagonismo berezia izango dute saioan, “herritarrak izango baitira ohorezko jasotzaileak”. Ekonomia Gurean hitzaldian biltzen diren herritarrek gertutik ezagutu ahal izango dituzte ekonomia eta enpresa mundua, arlo horretan garrantzia handia izan duten eragileen eskutik. Zer gertatu den aztertuko dute, eta egoeraren irakurketa egingo dute, bailarako errealitatera egokituta.

• Streaming bidez zuzenean
Hizketaldia apirilaren 27an izango da, eguenean, IMHko areto nagusian, 10:00etatik 11:00etara. Mahai ingurua zuzenean jarraitu ahal izango da, streaming bidez, barren.eus webgunean. Era berean, saioa grabatu egingo denez, Gipuzkoako telebista lokaletan ere zabalduko da.

ekonomia gurean elgoibar kartela