Mauxitxatik Mausitxara. Txarangak sanbartolomeetan izan duen protagonismoaren lekukoa hartu dute Mausitxa baserriko gaztagileek. Urtero 10.000 elikagaik hartzen dute parte The Guild of Fine Food elkarteak antolatutako “Great Taste 2016” elikagai txapelketan. Abuztuan ezagutu dira lau hilabetez dastatzen ibilitako elikagaiei emandako sariak. Saritutako produktuak jasotako izarren arabera sailkatzen dira. Hala, sarituak izar batekin (gozo-gozoa), bi izarrekin (aparta) eta hiru izarrekin (paregabea) errekonozitzen dituzte. Aurtengoan Artzai Gazta elkarteko Elgoibarko Mausitxa baserriko Iñaki Ansolak aurkeztutako ketutako gaztak hiru izarreko domina ez ezik, parte hartu duten 10.000 elikagaietatik 50 onenen artean sartzea lortu du.
Mausitxa gaztagileaz gain, Artzai Gazta elkarteko beste bi gaztagile ere sarituak izan dira, kasu honetan bi izarreko dominarekin. Elizondoko Etxetxipia gaztandegiko Maria Jsus Larretxea eta Ilarduiako La Lezeko Eli Gorrotxategi Mausitxa baserrian izan dira gaur, Iñaki Ansolarekin batera, sari honen ingurukoak prentsa agerraldian azaltzeko. Euskal Herriko mugetatik kanpo gaztagintzan egiten diharduten lanak errekonozimendua jasotzea “itzela” dela adierazi du Iñaki Ansolak eta hunkitu ere egin da gurasok egin duten lana gogora ekarri duenean (ikusi goiko bideoan).
•Euskadi Basque Country International Cheese Festival, Azaroan
Great Taste 2016 txapelketa antolatzen duen The Guild of Fine Food-ek, gainera, Artzai Gaztak antolatutako Euskadi Basque Country International Cheese Festival barruan euren “World Cheese Awards” gazta lehiaketa prestigiotsua ospatuko du. Jaialdia azaroaren 16-17 eta 18an ospatuko da Donostian. Artzai Gaztako arduradunen berbetan, gaztagileei merezi duten omenaldia egingo zaie, “urtero gure elikagaiak gorenera eramateagatik”. Erresuma Batuan lortu dituzten sariak direla-eta hunkituta azaldu da Luisa Villegas Artzai Gazta elkarteko koordinatzailea: “Aurtengoan ere lehiaketa entzutetsu honetan Artzai Gaztako hainbat gazta sarituak izateak, artzainez eta urteetan zehar egindako lanaz harro sentiarazten nau, gure gaztek nazioartean leku bat dutela erakusten digutelako”.
Mausitxa baserrian eskaini duten prentsaurrekoan honako lagunek hartu dute parte saritutako gazten gaztagileez gainera: Pablo Basterra, Artzai Gaztako buru; Ane Beitia, Elgoibarko alkatea; Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Luisa Villegas eta Euskadi Basque Country International Cheese Festival jaialdiaren zuzendaria.