'Instalazio fotovoltaikoa auzokideen erkidegotan' eskuliburuaren aurkezpen saioa antolatu du Debegesak hilaren 20rako

Barren.eus 2023ko ira. 18a, 16:11

Debegesa garapen agentziak “Instalazio fotovoltaikoa auzokideen erkidegotan” izeneko gidaliburua sortu du eta hau aurkezteko informazio saio bat antolatu du datorren asteazkenerako, hilak 20. Aurkezpena bizilagunei, finka administratzaileei, udal teknikariei, edota interesa izan dezakeen edonori dago zuzendua.

Debegesak Eibarren duen egoitzan izango da aurkezpen saioa, 18:00etan.

Saioak ordubeteko iraupena izango du eta energia berriztagarriak eta autokontsumoa herritarrei, nagusiki auzokideen erkidegoetan bizi direnei, hurbiltzea du helburu. Debegesatik zehaztu dutenez, eskuliburuan panel fotovoltaikoak instalatzeko jarduketak fasez fase deskribatu dituzte, interesa duen erabiltzaileari ahalik eta gehien laguntzeko.

Energiaren erabilera efizientea, jatorri berriztagarriko energiaren sustapena eta energia-subiranotasuna dira egungo erronkak eta “testuinguru horretan, autokontsumoa herritar guztiengana hurbiltzeko beharra antzeman dugu Debegesan. Autokontsumo-modalitateek gaitasun handia dute hura aplikatu nahi duten pertsonen ezaugarrietara eta beharretara egokitzeko. Horregatik, gida honen helburua da auzokideen erkidegoetan autokontsumo kolektiboa sustatzea, hura aplikatzeko jarraitu beharreko urratsak zehaztuz” nabarmendu du Aitziber Cortazarrek, Debegesako Garapen Jasangarriko arduradunak.
Antolatutako saio informatiboan liburuxkan agertzen diren puntuen inguruko azalpenak eta gakoak eskainiko dituzte gidaliburuan sorkuntzan parte hartu duten entitateen eskutik: Aitziber Cortazar, Debegesako Garapen Iraunkorreko arduraduna, Javier Zuazola, lekuko komunitate energetikoetan aditua eta Edinor enpresako zuzendari komertziala eta Sandra Arroyo, abokatua. Besteak beste, auzokideen erkidego bateko eguzki-instalazio fotovoltaiko batean kontuan hartu beharreko oinarrizko alderdi teknikoak azalduko dituzte, indarrean dauden laguntza eta dirulaguntzen inguruan berba egingo dute eta gida interpretatzeko gako juridikoak, tresnak eta funtsezko ondorioak ere aurkeztuko dituzte.

Aurkezpenera joateko asmoa duten pertsonek aldez aurretik izena eman beharko dute ondorengoko formularioan: https://forms.gle/CtfKSRQdtwoES879A Gainera, bertaratzen direnei eskuliburuaren kopia bat emango diete. Aurkezpenaren ondoren, gida online eskuragarri jarriko dute Debegesaren Energia Bulego Birtualean energia.debegesa.eus webgunean.

Egitaraua:

  • 18:00-18:10 Gidaren aurkezpena: helburuak, egitura eta eduki nagusiak. Aitziber Cortazar, Debegesako Garapen Jasangarria departamentuko arduraduna
  • 18:10-18:25 Auzokideen erkidego bateko eguzki-instalazio fotovoltaiko batean kontuan hartu beharreko oinarrizko alderdi teknikoak. Javier Zuazola, zuzendari komertziala Edinorren
  • 18:25-18:40 Gida interpretatzeko gako juridikoak, tresnak eta funtsezko efe. Sandra Arroyo, abokatua
  • 18:40-18:50 Laguntzak eta dirulaguntzak, Aitziber Cortazar, Debegesako Garapen Jasangarria departamentuko arduraduna
  • 18:50-19:00 Galde-eskeak