Malape Taberna taldeak Urdaibai Bilboats taldea izango du aurkari, 17:00etan hasiko duten norgehiagokan. Azken jardunaldian Irauli Bostekori 20-27 irabazi eta gero, elgoibartarrak sailkapeneko hirugarren postuan daude, 14 punturekin; lehen eta bigarren postuetan dauden Zuhegan Orio eta Ereintza Bitek taldeekin berdinduta, haiek ere 14 puntu batu baitituzte orain arte jokatu dituzten zortzi partidetan. Hiruretan Malape izango da etxean jokatuko duen bakarra. Hurrengo jardunaldia urtarrilaren 10ean jokatuko dute.
Eibartarren aurkako derbia
Alcorta Forging Groupek Eibarren aurka jokatuko du urteko azken partida, 19:00etan. Zigor Esnaolak entrenatutako taldea bolada onean da, ez baitu du partidarik galdu azken lau jardunaldietan: bi berdinketa eta gi garaipen; azkena 21-27 Ereintza Bitek taldearen kontra. Hamaika jardunaldi jokatu ostean, sailkapeneko laugarren postuan dago Alcorta, 15 punturekin. Zapatuan aurkari izango duen Eibar 7. postuan dago, 12 punturekin. Donibane Kalabutzia taldea dago sailkapenburu 21 punturekin. Pasaiarrek partida guztiak irabazi dituzte, Alcortaren aurka etxean berdindu zutena izan ezik.
Bingo solidarioko dirua
SanloBeer garagardo festa egin zuen Sanlo eskubaloi taldeak joan den azaroan, eta ohi duten moduan, bingo solidarioa egin zuten festaren barruan. Batu zuten diruaren %40a jaso zuen bingoko irabazleak, eta gainerakoa umeentzako produktuak erosteko erabiltzea erabaki dute aurten. Zapatu honetan egingo dute dohantza, Malapek eta Alcortak jokatuko dituzten partiden artean.
Maria Amaro Gipuzkoako selekzioarekin
Sanloko jokalari Maria Amarok kadete mailako Gipuzkoako eskubaloi selekzioaren deia jaso zuen, Bergara Hiria txapelketa jokatzeko. Debagoieneko eta Gipuzkoako selekzioak eta Zumaiako Pulpok hartu zuten parte, eta, bi partidak irabazita, Gipuzkoako selekzioa gailendu zen.