Mila litro garagardo saldu dituzte Sanlobeer azokan

Barren 2025eko azaroaren 11

Eguenetik domekara egin zuten Sanloren garagardo azoka, estreinakoz azaroan.

Sanlotik jakinarazi dutenez, giro onean joan da Sanlobeer azokaren 11. ekitaldia izan dena, eta pozik daude izan dituzten salmentekin ere; prest zuten genero ia guztia saldu baitute. Maalako karpara gerturatu ziren lagunek ukondoak, saltxitxak, oilaskoa eta patata erreak jateko aukera eduki zuten. Goserik ez, eta egarririk ere ez dute pasa azokara gerturatutakoek, 1050 litro garagardo saldu baitituzte aurtengo azokan. Aurreneko bi egunak "lasai samar" joan zirela azaldu dute, baina zapatuan, bereziki, eta domekan, jende ugari ibili zela azaldu dute. "Mariatxiek, esaterako, giro ederra ipini zuten zapatu gauean, eta haien doinuekin gaubela ederra pasa genuen gerturatu ginen denok", esan dute. 

Mus txapelketa izan da Sanlobeer azokako aurtengo berrikuntza. Zapatu arratsaldean jokatu zuten eta Alberto eta Agirrek osatutako bikoteak irabazi zuen txapelketa. Irabazleek Exclusivas Pelegrinek emandako txapelak, afari bat Txarriduna jatetxean eta 200 euro jaso zituzten saritzat. Juan Carlos Nuñezek eta Landerrek osatutako bikoteak eskuratu zuen bigarren postua. Txapeldunordeek Txarridunan afaria eta 100 euroko saria jaso zuten. Manuel Salegirentzat eta Juanjorentzat izan zen hirugarren saria: King-Kong tabernan afaria. (Sari banaketako irudiak argazki-bilduman)