Morkaikok herriko ikastetxeekin antolatzen dituen mendi irteera izan zen, denboraldiko hirugarrena. Guztira 42 lagunek hartu zuten parte, umeak erdiak. Leintz Gatzagararaino autoetan joan ziren, eta handik Hiruerreketa PR GI 37 ibilbidea jarraitu zuten.
Gatzaren museo paretik igaro ostean, Dorletako santutegira ailegatu ziren. Basoan barneratu eta zenbait aldapa igo eta gero “Vasco-Navarro” trenbidea pasatzen zen bideraino iritsi ziren. Trenbidea jarraituz iritsi ziren GI-627 errepidera, mendi pista bat hartu eta pinu, haritz eta pago artean bidea eginez. "Eguzkiak goxo hartu gintuen eta lehen orduan pasatako hotzak ahaztu zitzaizkigun", azaldu dute Morkaikotik. Hiruerreketara heldu zirenean, han jaio eta Deban itsasoratzen den ibaiaren sorlekura gerturatu ziren. Ondoren, Olaun auzoa zeharkatu zuten, Leintz Gatzagaraino itzultzeko bidean. "Hiru bat orduan osatu genuen ibilaldia, lagun giro onean".
Hurrengo mendi irteera urtarrilaren 25ean egingo dute, Intxorta mendira.
