Martxan da 'Gabonetako Zuhaitz Solidarioa' kanpaina

Barren 2024ko abe. 10a, 17:26

Kalteberatasun-egoeran dauden haurrentzako jostailuak jasotzeko sortu zuten iaz 'Gabonetako Zuhaitz Solidarioen' kanpaina, eta martxan da bigarren edizioa.

Elgoibarko Udalak eta Gurutze Gorriak antolatu dute elkartasun kanpaina, eta herrian egoera zaurgarrian dauden 40 haurri lagundu nahi diete, Eguberrietan jolasteko jostailuak izan ditzaten. Iazkoan 75 umerentzako opariak batu zituzten. Udaletik zehaztu dutenez, Elgoibar izan da era honetako kanpaina bat bultzatu duen erkidegoko aurreneko herria.

Udaleko eta Gurutze Gorrko ordezkariak liburutegian ipini duten zuhaitz solidarioaren aurrean. Arg: Elgoibarko Udala.

Bi zuhaitz solidario

Bi zuhaitz solidario jarri dituzte herriko bi toki "estrategikotan": bata Herritarrentzako Arreta Zentroan (HAZ) eta bestea Gotzon Garate Udal Liburutegian. Zuhaitz horiek abenduaren 18ra arte egongo dira aipaturiko lekuetan, hau da, apaingarri solidarioak jaso eta opariak emateko azken egunera arte. Batutako jostailuak abenduaren 24an banatuko dituzte.

Zuhaitzetan etxetxo formako apaingarriak daude, eta barruan sartu dituzte kanpainari buruzko argibideak eta baita ume bakoitzari buruzko ezaugarriak ere, besteak beste ze eratako jostailuak gustatzen zaizkion. Jostailu sexista eta belikoak ez emateko eskatu dute antolatzaileek.

Parte hartzeko pausoak zehaztu dituzte antolatzaileek, honako hauek: 

  1. Hurbildu 'Gabonetako zuhaitz solidarioak' dauden lekura eta aukeratu apaingarri bat.
  2. Erosi opari berri bat, sexistak edo belikoak direnak saihestuz, eta, ahal dela, aukeratu jolas sinbolikoa sustatzen duten jostailuak, apaindura-txartelean aurkituko dituzun jarraibideen arabera.
  3. Idatzi dagokion kodea oparian.
  4. 'Gabonetako Zuhaitz Solidariora' itzuli eta oparia han laga. Opari emaleak apaingarria jasoko du oparitzat, elkartasun kanpainan parte hartzeagatik. 

Elgoibarko Udalak eta Gurutze Gorriak ekimenarekin bat egitera animatu dituzte herritar guztiak. Kanpaina hori haurtzaroaren aldeko keinu handia da Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatearen esanetan, eta arrakasta izan dezan herritarren eskuzabaltasuna funtsezkoa dela gogora ekarri du.