Elkarrizketa

Maite Solas: “Uste duguna da alzheimerra gaixotasun metaboliko bat izan daitekeela“

Ainara Argoitia 2025ko urr. 17a, 14:12

Farmakologia irakaslea eta ikertzailea da Maite Solas Zubiaurre (Elgoibar, 1983) Nafarroako Unibertsitatean eta Pasqual Maragall Fundazioaren 800.000 euroko beka eskuratu berri du, alzheimerraren inguruan hasita duen ikerketa lanagatik. 

Ibilbide metaboliko jakin batzuetan esku-hartzeak gaixotasunaren endekapen prozesua moteldu ote dezakeen edo hasierako etapetara itzultzea eragin ote dezakeen ari da ikertzen saguetan. Izan ere, Aloysius Alois Alzheimer neurologoak gaixotasuna deskribatu zuenetik ia 120 urte bete badira ere, zientziak ez du oraindik argitu gaixotasuna zerk sortzen duen, ezta hark deskribatutako hiru arrazoiak zein ordenatan ematen diren ere.

Ikerkuntzan dirua falta dela entzun dugu sarri. Zenbat da 800.000 euro? Zenbateko arnasa eman dizue?
Bost urterako arnasa. Orain arte jaso dudan bekarik handiena da dirutan, eta diru honek gastu pila bat estaltzeko balioko dit, bai eta lantalderako jende berria kontratatzeko ere. Gaur egun doktoretza egiten ari diren lau ikasleko ikerketa-taldea daukat laborategian, langile finak denak, baina diru honekin doktoretza egina duen zientzialari bat kontratatzeko aukera izango dut, eta esan gabe doa talde sendoa izatea funtsezkoa dela gure lanean. Gure ikerketa-proiektuak hari baten izaten dira sarri, dirua urri izaten delako gure alor honetan, eta beka honek segurtasuna eta lasaitasuna emango dizkit lanean jarraitzeko.
Errekonozimendu handia ere bada beka hau jaso izana, batetik, estatuan bi beka bakarrik ematen dituztelako, eta bestetik, Pasqual Maragall fundazioa izen handiko fundazioa delako eta emango digun oihartzuna oso handia izango delako. Zientzia egiteko guk dirua behar dugu, eta diru hori kanpoan bilatu behar izaten dugu, instituzioak, gure kasuan unibertsitateak, ez digulako ezer ematen. Era berean esan behar dut Pasqual Maragall fundazioak banatzen duen dirua zientzian sinisten duen jende anonimo askok egindako ekarpena dela eta erantzukizun handia sentitzen dudala oinarrizko zientzian inbertitzea ezinbestekoa dela uste duen jendearen diruarekin ariko naizelako.

Alzheimerra ikertzen ari zara. Ehun urte badira Alzheimerrek gaitza identifikatu zuela. Zer esan zuen eta zer jakin dugu gerora?
1906an deskribatu zuen Aloysius Alois Alzheimer neurologoak alzheimer gaixotasuna. Memoria, hizkuntza eta portaera arazoekin ospitaleratu zuten Auguste Deter izeneko pazientearen jarraipena egin zuen Alzheimerrek eta jabetu zen paziente hori nahiko azkar ari zela galtzen gaitasun batzuk, tartean oroitzeko gaitasuna. Gaixoa bizi izan zen denboran haren sintomak deskribatu zituen, oso fin deskribatu ere, gaixo hark izan zuen sintomatologia hori izaten dutelako gaur egun ere alzheimerra duten guztiek, beti ez diren arren denboran azkartasun berarekin agertzen. Pazientea hil zitzaionean, garuna atera zion neurologoak eta ikusi zuen pertsona haren garuna askoz txikiagoa zela sintomatologia hura ez zuten besteen garunen ondoan. Hortik ondorioztatu zuen alzheimerra duten pertsonetan neuronak hil egiten direla eta, mikroskopioaren laguntzarekin ikusi zuen gero, Beta-amiloide eta Tau proteinak modu arraroan pilatzen direla alzheimerra dutenen garunetan. Beraz, izugarri ondo deskribatu zuen alzheimerrek 1906an gaixotasuna.
Gerora, askoz gauza gehiago jakin ditugu, baina egia da, asko ikertu den arren, oraindik badugula galdera handi bat erantzuteko, gaitzaren jatorriaren ingurukoa. Ez dakigu zerk sortzen duen alzheimerra eta ez dakigu alzheimerrek deskribatu zituen hiru kontu horietan zein gertatzen den lehenengo. Ez dakigu bi proteina horiek pilatzearen ondorioz hiltzen diren neuronak edo alderantziz den, adibidez.

"Gero eta zientzialari gehiagok diote lehenengo sintomak agertu baino hogei bat urte aurretik
hasten dela alzheimerra garatzen"

Eta justu galdera horri erantzun nahi diozu zuk, Alzheimerraren jatorriaren ingurukoari.
Bai. Alzheimerraren inguruan badago oso zabaldua dagoen mito bat esaten duena alzheimerra gaixotasun genetikoa dela, baina ez. Kasuen %5ean bakarrik da genetikoa, kasuen %95ean ez dagoelako mutazio genetikorik. Eta jende asko gara horren zergatia ikertzen ari garenak: zeintzuk izan daitezkeen arrisku faktoreak alzheimerra garatzeko.
Eta arrisku faktore asko deskribatu ditugu dagoeneko. Faktore nagusia adina da, ez dagoelako alzheimerrik pertsona gazteetan, baina hor ezer gutxi egin dezakegu. Alkohola edatea, erretzea... izan daitezke beste arrisku faktore batzuk, eta jende multzo handi bat arrisku metabolikoak direnak ikertzen ari gara, izan daitezkeenak gizentasuna, dietari lotutako kontuak, diabetesa, kolesterola... Hori da nire ikerketa-lerroa. Uste dudana da alzheimerra izan daitekeela gaixotasun metaboliko bat, garuneko metabolismoa aldatzean sortzen dena. Gure garunak energia asko gastatzen du, eta beraz, glukosa asko behar du egoki funtziona dezan, zehazki gure gorputzak xurgatzen duen glukosaren %20 inguru. Guk uste duguna da garuneko oreka energetiko hori momenturen batean apurtu egiten dela eta, garuna behar beste energiarik gabe gelditzen denean edo iristen zaion energia hori ez denean onena, zelulak huts egiten hasten direla.

Esan duzu zahartzaroari lotutako gaixotasuna dela alzheimerra, baina aldi berean esan izan zaigu oso berandu diagnostikatzen den gaixotasuna dela. Nola ulertu behar dugu hori?
Arrazoia daukazu. Beti esan izan dugu adinari lotutako gaixotasun degeneratiboa dela, baina egia da zahartzaroan agertzen direnak sintomak direla. Zentzu horretan gero eta ikertzaile gehiago dira diotenak lehenengo sintomak, normalean, 65 bat urterekin agertzen diren arren, gaixotasuna hogei bat urte aurretik hasten dela garatzen. Arrazoia daukazu, beraz: diagnostikoa da berandutzen dena. Kontua da inor ez dela joaten neurologora txanponekin nahasten hasten den arte edo bere herrian bertan galtzen hasten den arte. Batetik, ez gara medikuarenera joaten oso berandu izaten den arte, eta bestetik, ez daukagu erreminta onik diagnostikoa azkarrago egiteko. Botika berriak eta bakuna batzuk ere merkaturatu dira azkeneko urteetan, baina horiek gaixotasuna oso goiz diagnostikatzen den kasuetan bakarrik dira eraginkorrak.

Zelako emaitza eman dute bakunek?
Orain arte egon diren botikek sintomak apaltzen zituzten, baina orain azkena sortu dituzten bi bakunek, Lecanemab eta Donanemab izenekoek, itxaropenerako tarte txiki bat zabaldu dute, entseguetan ikusi delako eraginkorrak izan daitezkeela pazienteen portzentaje txiki baten gaixotasunaren garapena moteltzeko, baldin eta gaitza hasten denean hartzen baldin badira. Baina, nolanahi ere, pazienteen %100arentzat ez dute balio.

Esan diguzu alzheimerra gaixotasun metabolikoa den ustea duzula eta garunera iristen den glukosa kopuruak eragina izan dezakeela. Ondorioztatu al dezakegu hortik dietak eragina duela? Zertan?
Arrisku faktoreak ikertzen ditugu guk, eta hor badaude dietarekin lotutakoak, baina aldi berean, badaude beste faktore batzuk alzheimerretik babesten gaituztenak eta oso ondo deskribatuta daudenak gaur egun. Ez dira %100eko babesa eta okerra litzateke esatea kirola egiten duenak edo dieta orekatu bat duenak ez duela sekula alzheimerra garatuko, baina ariketa fisikoa egitea, garuna aktibo mantentzea eta grasa eta azukre gutxiko dieta orekatu bat izatea babesgarri dira. Lepotik behera argi ikusten dira dieta egoki bat izatearen eta kirola egitearen onurak, ezta? Bada lepotik gora ere, onurak handiak dira.
Gure garunak azukrea behar du funtzionatzeko eta bere elikagai gogokoena ere bada, energia azkarra behar duelako, baina kontua da gaur egun azukre gehiegi kontsumitzen dugula.

Badakigu azukrea jateak azukre gehiago jateko gogoa sortzen digula sarri, baina garunean nola eragiten du azukreak?
Haien arteko konexio funtzionala gertatzeko eta informazioa transmititzeko (sinapsia), neuronek ezinbestekoa dute energia azkarra. Horregatik zaio ezinbestekoa garunari glukosa. Falta duenean, igarri-igarrikoa izaten dugu, eta glukosa-maila golpera asko jaitsiz gero, koma egoeran ere sartu gaitezke, baina neurrian dago hemen kontua. Behar du, baina neurrian, gauza guztietan moduan, baina, aldi berean zaila da esaten neurria zein den. Hori bai, behar baino azukre kontsumo handiagoa dugula begi-bistakoa da. Orain oso modan jarri dira aldizkako baraualdiak edo denbora luzez ezer jan gabe egotea. Baraua egiten dugun ordu guzti horietan ez gatzaizkio glukosarik ematen ari garunari, eta beste energia-forma batzutatik hartu behar izaten du hark, gorputz zetonikoetatik-eta. Eta ikusten ari garenez, mota horretako baraualdiak egitea onuragarria izan daiteke gaixotasun askotan.

Gauza guzti hauek zer ikertzen dituzue, saguetan?
Bai. Zientzia preklinikoan aritzen naiz ni, gizakietara heldu aurreko ikerketa-lanean. Sagu transgenikoekin egiten dugu lan, alzheimerra garatzeko mutazio batzuk sortu dizkieten saguekin. Saguekin lan egiteak duen abantaila da bizialdi osoan ikertu ditzakegula: gaixotasuna agertu aurretik, garatzen ari direla, zahartu direnean... Saguek bi urteko bizitza dute, eta guk erabiltzen ditugun sagu transgeniko hauek bederatzi-hamar bat hilabeterekin hasten dira alzheimerra garatzen.

Maite Solas. Arg: Manuel Castells.

Hitz egin dezagun genero perspektibaz, jakinekoa delako ikerkuntzan ez dela beti kontuan hartu.
Oso garrantzitsua da puntu hori. Alzheimerraren kasuan, intzidentzia handiagoa da emakumeetan gizonetan baino. Estrogenoen kontuagatik da. Estrogenoak babes-faktore dira, eta menopausian estrogenoak murrizten direnean gure garunaren prozesu degeneratiboa azkartu egiten da. Horregatik uste da kasu gehiago daudela emakumeetan. Alzheimerraren kasuan, intzidentzia handiagoa denez emakumeetan, askotan erabili dira sagu emeak ikerketa prozesuan, baina beste ikerketa askotan gehienbat sagu arrak erabili dira. Orain, Europak duela urte batzuk emandako aginduaren ondotik, zientzialariok behartuta gaude sagu arrak eta sagu emeak
erabiltzera esperimentazio-prozesuan; behartuta gaude, genero perspektiba kontuan hartzera, baina hori ez da beti hala izan, eta kalte handia egin du. Historikoki bereziki sagu arrekin esperimentatu da eta, kasu askotan, haiekin bakarrik, ziklo hormonalaren fase baten edo bestean egon, sagu emeetan egindako probek oso emaitza ezberdinak ematen zituztelako eta asko zailtzen zuelako sagu guztiak ziklo hormonalaren une berean izatea. Horren ondorioa zein da? Ikusten ari garela botika asko gizonentzat pentsatuta diseinatu direla eta arazoak ematen ari direla emakumeetan, gizakietara iritsi aurretik botika horiek ez zirelako gorputz emeetan probatu. 
Zorionez, baina, gauzak aldatu dira, probatu delako gaixotasun askok garapen oso ezberdina izaten dutela gizonezkoetan eta emakumezkoetan.

Alzheimerraren kasuan sintomatologia ezberdina al da gizonezkoetan eta emakumezkoetan?
Ez. Aztertu dezakegu zergatik ematen den gehiago emakumeetan gizonezkoetan baino, baina orain arte deskribatutako sintomek balio dute batzuentzat eta besteentzat.

Zientzia etengabe ari da aurreratzen, baina azkeneko urteetan eman diren aurrerapauso handienak zein norabidetan eman dira?
Tratamendu berriak sortzen eta gaixotasuna eragiten duten mekanismoak ulertzen. Baina esango nuke gaixotasunaren bio-markagailuak ahalik eta azkarren diagnostikatzeko moduak aztertzetik etorriko direla aurrerapen handienak. Gaixotasuna hasi dela jakin ahal izateko odolean edo beste leku batzuetan detekta ditzakegun aldaketak antzematea gakoa izango da. Orain arte, PETak eta eskanerrak erabili izan dira asko gaitza diagnostikatzeko, baina gero eta gehiago ateratzen ari dira odolean detekta ditzakegun bio-markagailuak. Eta iruditzen zait benetako iraultza bide horretatik etorriko dela, lortzen dugunean gaixotasuna goiz detektatuko duen markailu on bat antzematea odolean. Itzela litzateke lortuko bagenu alzheimerra markatu dezakeen markailu bat identifikatzea eta errutinaz egiten dizkiguten odol analisi horietako baten gaur egun kolesterola edo glukosa zaintzen dizkiguten moduan zaintzea.

"Ez dakit gaixotasuna sendatzea lortuko dugun, baina garaiz detektatzea lortzen baldin badugu, beharbada lortuko dugu gaitzaren endekapen prozesu hori mantsotzea eta bizi den artean pazienteak ez garatzea sintoma guztiak".

Eta hori lortzetik gertu ala urruti gaude?
Ez dakit erantzuten. Agertzen dira hautagai batzuk tarteka, eta duela gutxi esan zuten GSAP izeneko proteina bat izan zitekeela bio-markailu horietako bat, gaixotasunaren sintomak agertu baino hamar urte aurretik disparatuta agertzen delako odolean, baina ez dakigu. Momentuan ezin dezakegu esan markagailu seguru bat daukagunik, baina ari dira gauzak irteten. Gakoa hori izango da, baina: odolean topatzea markagailu hori, gaur egun egiten diren probak oso garestiak direlako eta ezin direlako errutinaz eta paziente guztiei egin. Badaude beste bio-markagailu batzuk agertzen direnak likido zefalorrakideoan, garuna eta bizkarrezur-muina bainatzen eta babesten duten likidoan, baina likido hori bizkarrezurretik atera behar da eta oso prozedimendu inbasiboa da eta, jakina, ezin da errutinaz egin.
Ez dakit gaixotasuna sendatzea lortuko dugun, baina garaiz detektatzea lortzen baldin badugu, beharbada lortuko dugu gaitzaren endekapen prozesu hori mantsotzea eta bizi den artean pazienteak ez garatzea sintoma guztiak. Hiesa sortzen duen GIB birusarekin lortu duguna lortu ahalko genuke: hor dago, baina GIB birusa dutenek bizitza normala egin dezakete, botikekin.

Intzidentzia zenbatekoa da gaur?
Estatuan 800.000 lagunek dute alzheimerra, baina bizi-itxaropena luzatzen ari den neurrian alzheimerra dutenen kopurua ere hazten ari da. Egia esan, 2030erako egiten dituzten aurreikuspenak beldurgarriak dira. Eta ikaragarria da, baita ere, gaixotasun honek gizarte segurantzari sortzen dion gastua. [Espainiako Neurologia Elkartearen arabera, estatuan 65 urtez gorako hamar lagunetik batek du alzheimerra, eta 85 urtez gorakoen %33k].