Igeriketa denboraldiko lehendabiziko Espainiako Txapelketa izan zen azaroaren 13tik 16ra bitartean Bartzelonako Nova de l’Escullera taldearen igerilekuan jokatu zutena, 25 metroko igerilekuan hain justu ere; hori zuen berezitasun nagusia. Guztira 638 igerilari lehiatu ziren, 143 klub ordezkatuz. Horietatik 11 Euskadiko taldeak ziren, tartean Eibar Igerixan taldea; Paula eta Iker Calvo Villalobos neba-arreben taldea.
Paula Calvo maila onean aritu zen 400 metro estiloetako proban, eta finalerako sailkatu ez zen arren, B finalean bera izan zen azkarrena. Paulak hiru domina eskuratu zituen martxoan, junior mailako Espainiako txapelketan, eta nagusiekin ere lehian aritzeko gai dela erakutsi du orain. Bizkar estiloko 50m, 100m eta 200 metroetako probetan ere lehiatu zen, eta baita 100 metro estilokoan ere. Iker, berriz, bizkar estiloko bi probetan aritu zen, 50 eta 100 metrokoetan, hain zuzen ere.