Bizkar estiloko 200 metroko proban Espainiako txapeldunorde geratu zen Calvo, 02:18.89ko denborarekin. Sara Costa De Vicente gailendu zen (02:11.70). Proba horretan uztailean Eslovakian jokatzekoak diren Europako Txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka (02:17) lortu nahi zuen Eibar Igerixan taldeko kideak, aurrez igerian egina delako denbora horretan, baina ez zuen helburua gauzatzerik lortu. Gutxieneko marka hori lortzeko beste aukera bat izango du ekainean Mallorcan jokatuko duten Espainiako Igeriketa Txapelketa absolutuan. Gainera, lortuz gero, bikoitza izango da saria, Europako Lehiaketan lehiatzeko gutxienekoa lortuz gero Espainiako selekzioarekin prestatuko bailuke Eslovakiarantz joan aurretik.
Sabadellen proba gehiagotan ere lehiatu zen igerilari elgoibartarra, eta beste bitan lortu zuen finalerako sailkatzea, bizkar estiloko 100 metrokoan eta 400 metro estiloetakoan. Bi finaletan hirugarren postua lortu zuen: 100 metrokoan 01:04.70ko denborarekin eta 400 metrokoan 05.01.86ko denborarekin.
Junior mailako Espainiako igerilari onenekin lehiatzeaz gainera, C.N. Sabadell taldeko igrilariekin entrenatzeko aukera izan zuen Calvok txapelketa jokatu aurreko astean. Estatuko eta Nazioarteko igerilarien artean erreferentea da Kataluniako talde hori, besteak beste, Olinpiar Jokoetan, eta munduko zein Europako txapelketetan aritzen diren igerilariak dituelako.