Mendi Filmeko iazko film sarituak, Herriko Antzokian

Barren 2025eko azaroaren 14a

Jamie eta The Last Expedition filmak emango dituzte gaur Elgoibarko Herriko Antzokian: Bilboko Mendi Filmeko laburmetrai eta mendiko film onenak, hurrenez hurren.

Aurrera doa Morkaikok antolatzen duen Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloa. Mendi Tour film emanaldiarekin hasi zuten joan zen barikuan, eta gaur ere egongo da Bilbao Mendi Film Festivaleko iazko edizioko alpinismoko eta eskaladako film onenak Herriko Antzokian ikusteko aukera. 21:00etatik aurrera bi film emango dituzte. Jamie da bat, 2024ko MF-eko Film Labur Onena, eta The Last Expedition da bestea, 2024ko MF-eko Mendiko Film Onena.

JAMIE

  • Urtea: 2023
  • Herrialdea: AEB-Kanada
  • Iraupena: 18 min
  • Zuzendaria: Darcy Hennessey
  • Sinopsia: Jamie Logan 70eko hamarkadako mendizale puntakoenetako bat izan zen, lehen igoera ugari egin zituen Ipar Amerikako hainbat bide gogorretan. Baina bazuen mendiko erronkek eta arriskuek baino izu-ikara handiagoa sortzen zion sekretu bat, 60 urte luzez isilik mantendu zuena: Jamie Logan alpinista eta arkitekto arrakastatsu, gogor eta kementsuak, emakume izan nahi zuen. 69 urterekin hasi zuen eraldaketa, eta orain, 76 urterekin, mezu hau helarazi nahi die bera bezalako beste trans pertsonei: bizitza ederra izan daitekeela, norbere buruarekin errespetuz jokatuz, zintzo izanez eta munduarekin konektatuago egonda.

THE LAST EXPEDITION

  • Urtea: 2024
  • Herrialdea: Polonia/Suitza
  • Iraupena: 85 minutu
  • Zuzendaria: Eliza Kubarska
  • Sinopsia: Wanda Rutkiewiczen benetako istorioa, hark berak kontatua. Lurreko mendirik garaienak igo zituen lehen emakumea izan zen, eta lehen poloniarra. Wanda gonbidatu gabeko goi mendietako gizonen munduan barneratu zen, garesti ordaindu zuen. Duela 30 urte desagertu zen. Haren gorpua ez zuten inoiz aurkitu. Monasterio budista batean geratu omen zen. Filmak bere bizitza eta misterioa aztertzen ditu, Wandak eguneroko moduan grabatuta laga zituen audio batzuetan oinarrituta. Eskalatzaile ospetsuen testigantzak ere ageri dira filmean, besteak beste, Reinhold Messner, Krzysztof Wielicki eta Carlos Carsolio, baita Wandagandik gertuen zeuden emakumeak ere: Janina Fies arreba eta Marion Feik managerra.