Elgoibarko Eskola Kirolean %27ko beherakada egon da izen emateetan

Barren 2025eko azaroaren 12a

Eskola Kirolekoek herri kirolen jardunaldia egin zuten urtarrilean IMH Kiroldegian.

Eskola Kirolean parte hartzeko 1990eko hamarralditik indarrean zegoen araudia bertan behera utzi ondoren, beherakada izan da eskola kiroleko izen-emateetan, baina hala ere uste zutena baino jaitsiera txikiagoa izan dela azpimarratu dute Elgoibarko Eskola Kirola elkarteko arduradunek.

Herri Eskolatik 100 ikaslek eman dute izena; hau da, iazko ikasturtearekin alderatuta, %23ko beherakada egon da. Elgoibar Ikastolan, berriz, 220 ikaslek eman dute izena. Kasu horretan %28koa izan da beherakada. Orohar, %27ko beherakada egon da iaztik hona. Eskola Kirolean parte hartzeko adinean dauden Elgoibarko Ikasle guztien %48k eman dute izena. Generoari erreparatuz gero, aurreko urteetako joera mantentzen dela zehaztu dute arduradunek: parte-hartzaileen %38 neskak dira eta, %62, mutilak. 

Jakitera eman dituzten datuokin "pozik" daude programako arduradunak. "Izen-emateetan beherakada egon bada ere, aurreikusten genuena baino apalagoa izan da, eta hori pozgarria da. Inguruko herrietako datuekin alderatuz gero, emaitza onak dira Elgoibarkoak. Bergaran, adibidez, %28ko beherakada izan dute; Azpeitian, %30ekoa eta Donostialdean eta Bidasoaldean, %40koa, batzuk aipatzearren". Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez %30ekoa izan da beherakada lurraldean.

Jolasen jardunaldia, hilaren 22an

Elgoibarko Eskola Kirolekoak hasita daude hilean behin antolatzen dituzten jardunaldiak antolatzen. Atletismoa ardatz zuen jardunaldia egin zuten urrian eta azaroan jolasei eskainitako jardunaldia egingo dute, azaroaren 22an, zehazki. 

Kuota bakarra

2026-2027 ikasturtetik aurrera Eskola Kirola programan 60 euroko kuota bakarra (egoera ahulenean dauden familientzako hobariekin), ezarriko dutela aurreratu zuen Goizane Alvarez Gipuzkoako Kirol diputatuak; Gipuzkoako Foru Aldundiko 2026ko aurrekontu proiektua aurkezteko, Batzar Nagusietan egindako agerraldian. 

Alvarez diputatuak nabarmendu zuenez, aurrekontu hauen bidez “erabakitzen dugu zein kirol-hastapen eredu bultzatu nahi dugun, zein gizarte mota izan nahi dugun eta zein kultura-eredu den gure ustez bidezkoena Gipuzkoarentzat”. Kirol arlorako aurrekontua ia %10 handitu da, eta Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentu osoaren ia %30 ordezkatzen du. “Multikirola da gure gazteriaren arloan dugun politika garrantzitsuena, eta hazkunde honek argi erakusten du gure apustua: Gipuzkoako kirol-hastapen eredua sendotzea eta haur inork ez uztea jarduera fisikotik kanpo arrazoi ekonomikoengatik”. Ildo horretan, diputatuak azaldu zuen 2026ko aurrekontuek 2,7 milioi euroko gehikuntza jasotzen dutela, 2026-2027 ikasturtetik aurrera Multikirola programan 60 euroko kuota bakarra ezarri ahal izateko.