Araua 1990eko hamarralditik egon da indarrean, baina Pasaiako familia batek betebehar horren kontra abiarazitako auzibideari erantzunez, epaileak bertan behera utzi zuen. Diputazioaren bi aginduren zenbait puntu baliogabetu zituen, eta ebatzi zuen klub batean aritu nahi duten umeek ez dutela ezinbestean eskola kirola egin beharko. Aldaketa honen aurrean David Rodriguez Elgoibarko Eskola Kirola elkarteko koordinatzailearengana jo dugu. Elgoibarko Eskola Kirola Elkartea herriko bi ikastetxeetako eta Udaleko ordezkariek osatzen dute, Txintxurreta KZ irabazi asmorik gabeko elkarteak kudeatzen du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen egitasmoa da Eskola Kirola. Zein da helburua?
Gipuzkoako Foru Aldundiak garrantzi handia eman dio beti lehen hezkuntzako haurrek kirol ezberdinak ezagutzeari eta praktikatzeari. Adin tarte horretan, kirol ezberdinak ezagutu eta trebetasun ezberdinak garatzea ezinbestekoa dela diote adituek haurren osasun fisikorako eta uste dute lagungarria izan daitekeela aurrera begira gustuko duten kirola aukeratzeko orduan. Garrantzi hori emateko, eskola kirolean izena ematea izan da lehen pausoa kirol klub zehatz baten izena eman aurretik.
Eskola Kirolari buruzko bilera batean guraso batzuk ez zeuden konforme derrigortasun horrekin. Zuk, esan zenuen, baina, beste modu batera ulertu behar zela: eskola kirola zela klubetarako ateak zabaltzen zituena.
Beste ikuspuntu bat azaldu eta partekatu nahi izan nuen guraso-bileretan. Kirol ezberdinak ezagutzea eta haietan trebatzea haurrentzat oso onuragarria dela, eta gainera, eskola kirola klubetarako ateak irekitzen zituen zerbitzu bat zela.
Pasaiako familia batek jarritako salaketa baten ondorioz, egoera aldatu egin da. Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio familiari, argudiatuz klubetan sartzeko eskola kirolean derrigor parte hartu beharrak adingabeen eskubide inbiduala urratzen duela.
Bai, salaketaren ondorioz, lehen aipatutako pauso hori ematea ez da ezinbestekoa izango, baina guk uste dugu haurrentzat aberasgarria dela eta, beraz, bizi beharreko esperientzia, askotan, presio sozialek eragindako erabakiak hartzen dituztelako benetan zer duten gustuko jakin gabe. Auzitegi Nagusiaren sententziak beste egoera batean jarri du Eskola Kirola. Beste hausnarketa batean murgiltzeko momentu bikaina izan daiteke hau, eta baliatu behar dugu eskaintzak zabaltzeko edo malgutzeko aukerak aztertzeko: HHko eta DBHko ikasleentzat onuragarria izan daitekeen, zer dugun eskaintzeko, zeintzuk diren gure helburuak etorkizunera begira…
Nola aukeratzen dira programan sartuko diren kirolak?
Duela 50 urte jarri zen martxan Elgoibarren ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiak eredutzat hartu eta Gipuzkoa osoan zabalduko zuen multikirolen eredua. Hasierako eredu hartan, indarrean dauden hiru kirol nagusiak lantzen ziren: futbola, eskubaloia eta saskibaloia. 2022-2023 ikasturtean, baina, eredu horren inguruko hausnarketa egin zen eta ondorioztatu zen eskola kirolak klubetako harrobia sendotzeko baino gehiagorako izan behar zuela: Lehen Hezkuntzan dauden haur guztiei kirol eta jarduera fisiko askotarikoak probatzeko aukera zabala eskaini behar geniela, euren heziketa integrala aberastuz. Erabaki genuen giro euskaldunean berdinkideekin gozatzeko espazio segurua eskaini nahi geniela haurrei kirolaren bitartez, eta geroztik, atletismo, hockey, dantza, jolasak, colpball… lantzen ditugu.
Nola uste duzu eragingo diola erabaki honek Eskola Kirolari?
Elgoibarren orain arteko zebitzu bera eskaintzea erabaki dugu, benetan sinisten dugulako proiektuan. Aldundiak izen-ematea aurreratzeko eskatu du, eta dagoeneko datorren ikasturterako izena emateko epea itxi dugu. Hala ere, ikasturtean zehar, zerbitzua probatzeko eta izena emateko aukera emango dugu, aurten bezala. Erabaki honek eragina izango du parte-hartzean Gipuzkoa osoan eta, gurean ere hala izango dela aurreikusten dugun arren, positibotasunez egingo diogu aurre egoerari.
Umeak zuzenean klubetara joateak kalterik izan dezake?
Adin goiztiarretan kirol ezberdinak probatzeak hainbat onura ditu. Lehenik eta behin, hainbat jarduera fisiko aztertzeko eta haien interes eta trebetasunak ezagutzeko aukera ematen die haurrei. Gainera, hainbat kirol egiteak trebetasun fisiko ugari garatzen laguntzen die haurrei, hala nola koordinazioa, oreka eta erresistentzia. Gaitasun kognitiboen garapena ere sustatzen du, erabaki azkarrak hartzea eta problemak ebaztea, kirol bakoitzak erronka apartak dituelako horretarako. Beste onura garrantzitsu bat lesioen prebentzioa da. Hainbat kirol egitean, haurrek muskulu-talde desberdinak lantzen dituzte, eta kirol bakar batean espezializatzean gerta daitekeen gainkarga errepikakorra saihesten dute. Horrek gehiegizko erabilerarekin lotutako lesioak izateko arriskua murrizten du. Gainera, kirol anitzeko jarduerak sozializazioa eta talde-lana sustatzen ditu. Haurrek aukera dute taldeko beste kide batzuekin elkarreraginean aritzeko eta lankidetzan eta eraginkortasunez komunikatzen ikasteko. Eskola kirolak onura asko ditu: profil guztietako haurrek hartzen dute parte eta kirol konkretu bat gustuko ez dutenei, jarduera fisikoa egiteko eta kirol ezberdinak ezagutzeko aukera eskaintzen die. Bestalde ikastetxera ikasle berriak iristen direnean, aukera bikaina izaten dute euren ikaskide berriekin eskolaz kanpo gozatzeko, harremantzeko eta baita euskaraz egiteko ere.
Aurrerantzean, beraz, Eskola Kirola ez da derrigorrezkoa izango. Horrez gain, ez dela ordaindu beharko ere irakurri dugu.
Prentsak bi gauza ezberdin argitaratu ditu horri buruz: hasiera batean doakoa izango zela esan zuten, eta gero, 2026-2027 ikasturtean, kuota finko bat jarriko zutela. Momentuz Foru Aldundiak ez du informaziorik baieztatu. Zaila ikusten dugu, hala ere, Aldundiak Gipuzkoa osoko eskola kiroleko zerbitzua kalitatez eman ahal izateko kostu guztiak bere gain hartu ahal izatea. Beraz, informazio gehiago izan bitartean, datorren ikasturteari begira kuotak eta zerbitzua orain arte bezala mantentzeko erabakia hartu dugu. Modu bakarra dugu zerbitzua aurrera eramateko. Kuotak zerbitzua emateko erabiltzen dira bere osoan, elkarteak ez baitu inolako irabazirik izaten. Hala ere, Aldundiak hartzen dituen erabakien arabera aldaketak egon daitezke.