Ziklo-krosa bueltan da Elgoibarren, 65 urte eta gero

Barren 2025eko azaroaren 7a

Gure Bide elkarteak 1960. urtean antolatu zuen ziklo-kros proba gogoan, Besa CX Elgoibar ziklo-kros proba antolatu du Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolak.

Ziklo-krosak badu aurrekari bat Elgoibarren, I. Gure Bide Proba Handia deitu zioten ziklo-kros proba jokatu baitzuten 1960. urteko urtarrilaren 3an, zeina behin bakarrik jokatu zuten.

Txirrindularitzarako zaletasuna zuten herriko bi kuadrillak (Beti Egarrik eta Umore Onak) sortu zuten Gure Bide Txirrindulari elkartea 1959an, "pedalaren kirola bultzatzeko". Elkartea eratu eta hurrengo urtean antolatu zuten ziklo-kros lasterketa hura. Sasoi hartako txirrindulari entzutetsuenek hartu zuten parte, besteak beste, Taramillok, Barrutia anaiek edo Alberdik. Anton Barrutia iurretarrak irabazi zuen proba. Garaiko txirrindulari ospetsuena zen Barrutia, eta egun berean Oiartzunen zegoen lasterketak parte hartuko zutela uste izan arren, Elgoibarren lehiatzea erabaki zuen, eta ikusmina areagotu zuen horrek. Angel Mugica eta Jose Luis Ansola elgoibartarrak lehiatu ziren lasterketan, eta Mugica izan zen sailkapeneko lehen elgoibartarra.

Lasterketak herrian piztu zuen ikusmina igarri daiteke Gure Bide Elkartekoek lagatako argazki hauetan, eta garai hartako Elgoibar nolakoa zen ikusteko aukera ere ematen dute. Izan ere, gaur ezagunak ditugun zenbait etxe eraikitzen ari zirela ikus daiteke irudietan. Lorituaneko aldapak ere oso bestelako itxura zuen Angel Mujika bizikleta sorbaldan hartuta ageri den argazkian ikus daitekeenez. Pilarreko zubi zaharra ere ageri da beste irudi ikusgarri batean. 

Gure Bide Elkateak 50 urte bete zituenean, 2009. urtean, kaleratu zuten "Gure Bide Elkartea 1959-2009" liburuan daude jasota 1960an jokatu zuten ziklo-kros proba haren ingurukoak eta beste mila kontu txirrindularitzarekin eta Elgoibarrekin zerikusia dutenak. Koldo Lizarraldek eta Laurentzi Gorostizak idatzi zuten liburua.