Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 250 bat parte hartzaile espero dituzte estreinaldirako. Kopurua txikia ez den arren, gehiago izan zitezkeela esan du antolakuntza taldeko Imanol Garaizabalek. Azaldu duenez, asteburuan ziklo-kros proba bat baino gehiago jokatu dituzte eta horietan parte hartu dutenetariko batzuek, urrunagokoak, ez dira Elgoibarrera etorriko. "Probak izena hartu ahala eta sustraiak errotu ahala lortuko dugu horiek ere gurera ekartzea", gaineratu du. Edonola ere, hainbat lekutatik etorriko dira txirrindulariak Elgoibarko proban lehiatzera: Asturias, Aragoi, Gaztela Leon, Katalunia eta Euskal Herriko txirrindulariak elkartuko dira Mintxetan.
Sarrera, debalde
Ibilbideari dagokionez, 2,8 kilometroko ibilbidean lehiatuko dira partaideak. Mintxetako harmailetatik prestatu duten zirkuituaren zati handi bat ikus daitekeela zehaztu dute, baina txirrindulariak gertutik jarraitu eta animatzera ere animatu dituzte zaleak. Lehen edizio honetan ez dute sarrerarik kobratuko.
Proben ordutegiak
Martitzen honetatik barikura bitartean zirkuitua irekita egongo da bertan entrenatu nahi dutenentzat, 16:00etatik-19:00etara bitartean. Proba egunean, zapatuan, 09:00etan irekiko dute zirkuitua, beroketa saioetarako. Lehen lasterketa, baina, 10:00etan hasiko da eta sari-banaketak 14:15ak inguruan hasiko direla aurreikusten dute. Hona proben ordutegiak:
- 10:00 Master 40, 50 eta 60 kategoriako parte hartzaileentzako probaren irteera
- 11:00 Kadete neska-mutilen irteera
- 12:00 Emakumezkoen Open mailako probaren irteera. Junion mailako emakumeak eta gizonak ere lehiatuko dira
- 13:00 Gizonezkoen Open mailako probaren hasiera
- 14:15 Sari-banaketa ekitaldia
Euskal ziklo-kros egutegiko berrikuntza
Urriaren 11n jokatu zuten euskal ziklo-kros egutegiko lehen lasterketa Urduñan, eta egutegia Seguran itxiko dute, abenduaren 28an, Euskadiko Ziklo-Kros txapelketarekin. Guztira hamazazpi probek osatuko dute euskal ziklo-kros egutegia negu honetan. Horietatik, hamabi lasterketek osatuko dute ETxF Ziklo-Kros Rankinga, hiru lasterketa berrirekin, Elgoibarkoa horietako bat. Horietaz gain, nazioarte mailako hiru lasterketa eta Espainia mailako lasterketa bat gehitu dizkiote egutegiari. Joan den asteburu honetan jokatu dituzte euskal egutegiko hitzordu nagusietako bi, UCI mailako bi lasterka, hain zuzen ere. Lehena azaroaren 1ean jokatu zuten Amurrion, Jose Mari Basualdoren oroimenezkoa. Hurrengo egunean, domekan, jokatu zuten bigarrengo lasterketa, Bizkaian: Karrantzako Nazioarteko Ziklo-Krosa, zeina Espainiako Koparako puntuagarria zen.
Azaroko bigarren astean ailegatuko dira aurtengo egutegiko berrikuntza nagusiak. Batetik, Elgoibarko ziklo-kros proba, zapatuan, eta biharamunean Ormaiztegin jokatuko dutena. UCI C2 mailako txirrindulariek hartuko dute parte Goierriko proban.
Animazio gunea
Mintxetara ikusleak erakartzeko animazio gunea ere ipiniko dute zapatuan. Txosna bat egongo da gune horretan, salda eta txorizoa saltzen. Mauxitxa txarangak girotuko du musikaz kirol ekitaldia. Mintxetako aparkalekuan, berriz, zona teknikoa egongo da, eta baita Baque Barista gunea ere.
Boluntarioak
Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolak eskerrak eman dizkie Elgoibarko Udalari eta babesleei proba antolatzeko emandako laguntzagatik eta babesagatik. "Udalarekin lau urterako adostu dugun hitzarmena babes handia da guretzat, eta, era berean gure babesle nagusia izango den Besa enpresarekin lortu dugun lau urterako akordioak ere epe motzera lan egiteko aukera emango digu, baina baita ikuspegi luzeagoa izatekoa ere, ibilian gauzak nola egin ikasteko eta hobetzeko. Ideia asko ditugu eta horiek garatu eta gauzatzea da gure asmoa hurrengo urteotan", azaldu du Garaizabalek, proba antolatzen ari den lantaldearen izenean. Boluntarioei ere egin die aitortza. "Boluntario asko behar dira era honetako lasterketa bat antolatzeko, eta sekulako erantzuna eduki du egin genuen boluntario eskeak. Deialdia itxi behar izan dugu, lagun mordoa apuntatu zelako". Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak ere goraipatu du boluntarioek egiten duten lana udaletxeko pleno aretoan egin duten aurkezpenean. "Boluntarioei esker da herri bizia Elgoibar, eta eurengatik izaten ditugu asteburuetan horrenbeste ekitaldi gure herrian. Ziklo kros hau adibide berri bat besterik ez da. Gure partetik, elkarlana sustatzen jarraituko dugu".
Lasterketako ibilbideari buruzko xehetasunak, HEMEN