Emakumezkoetan, lehia estua eduki zuten Maddi Olaetxea usurbildarrak eta Mayi Mujika elgoibartarrak. Aian jokatu zuten zirkuituko bosgarren proba irabaztetik zetorren Olaetxea, eta horren aurretik jokatu zuten Kanpezukoa irabazi zuen Mujikak, Kanpezun, Euskal Herriko Txapelketa jokoan zegoela. Oraingoan, Maddik irabazi zion Mayiri. Korrikako lehen saioan, Mujika izan zen azkarrena, eta minutu erdiko aldea atera zion Olaetxeari. Bizikletan, ordea, usurbildarrak saio bikaina egin zuen, eta hiru minutu baino gehiagoren aldea atera zion elgoibartarrari. Korrikako azken saio laburrean, Mujikak segundo gutxi batzuk jan zizkion arren, ez zen garaipena lortzeko nahikoa izan.
Olaetxeak hirugarren garaipena du 2025eko Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituan, Asteasun eta Aian lortutakoen ondoren. Zirkuituko azken garaipena lortzeko hautagai nagusia da. Adunan jokatuko dute zirkuituko azken proba, zazpigarrengoa, azaroaren 15ean. Aukera gutxiago ditu Mayi Mujikak, Kanpezuko eta Ibarrako duatloietan bakarrik hartu baitu parte.
Argazki gehiago ataria.eus webgunean