Mayi Mujika, Euskal Herriko mendi duatloiko txapeldun

Barren 2025ko urr. 22a, 12:43

Maddi Olaetxea, Mayi Mujika eta Ainhoa Markinez, Kanpezuko podiumean. Arg: EHMDZ

Euskal Herriko Mendi Duatloi Txapelketa jokatu zuten zapatuan Kanpezun (Araba).

Zazpi duatloik osatzen dute Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuitua (EHMDZ), eta laugarrengoa jokatu zuten, zapatuan, Kanpezun. Zirkuiturako proba puntuagarria izateaz gainera, Euskal Herriko Txapelketa ere jokoan zegoen Kanpezuko proban. Lehiakideek lehen tartean, 5,64 kilometro egin behar zituzten saltaka, 218 metroko goranzko desnibelarekin; ondoren, 16,54 km mendiko bizikletan (758 m+), eta, azkenik, beste 2 km korrika (69 m+).
Emakumezkoetan Mayi Mujika izan zen azkarrena (02:03:52). 2025eko zirkuituan lehen proba zuen arren, -ez baita lehiatu aurreko hiruretan-, mendiko diziplina guztietara moldatzen dakiela erakutsi zuen ibilbide lehorrean eta eguraldi eguzkitsuarekin jokatu zuten proban. Korrika egin beharreko lehen zatian hartu zien aurrea lehiakideei eta tartea handitu zuen mendi bizikletako zatian zein antxitxikako azken zatian. Ia hiru minutuko aldea atera zion helmugan bigarren sailkatuari, iazko txapeldun Massi Olaetxea usurbildarrari. Ainhoa Markinez idiazabaldarra sailkatu zen hirugarren postuan

Gizonezkoetan Josu Urrestarazu idiazabaldarra gailendu zen. Idotorbeko Igoera behin baino gehiagotan irabazi duen eta probako errekorraren jabe den Iker Eskibel eskoriatzarra izan zen txapeldunorde eta Alberto Gomez donostiarra igo zen podiumaren hirugarren koxkara. 

Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko proben antolaketari eta egutegiari dagokienez, aurten eskutik joan dira estreinakoz EHMDZ eta Trialoi Federazioa; hori izan da 2025eko berrikuntza nagusietako bat. Hala, mendi duatloiak Triatloi Federazioaren egutegian sartu dituzte, eta federazio horretako epaileak ari dira kontrolatzen proben martxa egokia. Sailkapen guztiak hemen.

Euskal Herriko Mendi Duatloi Txapelketako podiumetara igo ziren guztien familia argazkia. EHMDZ