Gizarte eta Euskal Enpresa Fundazioak banatzen ditu sariok eta Guggenheimen egin zuten Euskal Enpresaren Gauaren 34. ekitaldia. Lau sari banatu zituzten, eta bi enpresa saritu zituzten Enpresa Berrikuntza izeneko sariarekin: Danobat Group eta Derioko Zunibal SL. Orain hiru urte Elgoibarko Alcorta Forging Group enpresak jaso zuen sari bera jaso orain Danobat Groupek.
Mundu osoan erreferente
Sari hau jasotzea "ohore bat" dela adierazi du Nerea Aranguren Danobatgroupeko zuzendari nagusiak, lehen egunetik berrikuntzaren alde egin duten "apustu irmoari" balioa ematen dion saria dela uste baitu. "30 urte baino gehiagoko denbora tarte honetan saria jaso duten ospe handiko erakundeei begiratu bat ematea besterik ez dago zer den konturatzeko”, gaineratu du.
Sari emaleek nabarmendu dutenez, Danobat Group mundu osoan da erreferente makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektorean. Mondragon Korporazioko industria-taldea da Danobat Group; enpresa nagusiak dira Danobat –Elgoibar–, Soraluce –Bergara– eta Goimek –Itziar–. Sariak banatu dituen epaimahaiaren hitzetan, enpresa-talde horrek jakin du eboluzionatzen, teknologia aitzindariak garatuz etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko, eta fabrikazio-estandar berriak ezarriz. Taldeko lehen enpresa sortu zenetik zazpi hamarkada igaro badira ere "abangoardia teknologikoan" jarraitzen duela ere azpimarratu dute: "Aeronautika, energia, automobilgintza edo trenbidea bezalako sektore zorrotzetarako soluzio aurreratu eta pertsonalizatuen aukera zabalarekin". Sariak banatu dituen epaimahaiak Danobat Group taldearen ikuspegi berritzailea ere nabarmendu du, bai eta Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarekin (I+G+b) duen konpromisoa ere, urteko diru sarreren %9 horretara bideratzen baititu. Gaur egun taldean diren 1.459 pertsonetatik %15a jarduera horretan aritzen dira.
Danobat eta Soraluceren artean 200 patente baino gehiago dituzte beren ibilbide luzeetan, eta 50 patente baino gehiago ustiatzen ari dira gaur egun. Orain, robotikaren sektorera egin du salto. Haren helburua da hazten jarraitzea Txina, Ipar Amerika eta Erdialdeko Europa bezalako merkatuetan.
Fakturazio errekorra 2024an
2024an 344 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen industri-taldeak "beste fakturazio-errekor bat hautsiz", horietatik %90 nazioarteko merkatuetatik etorrita: "Izan ere, kanpo-bokazioa da bere nortasunaren beste ezaugarrietako bat". Ekoizpen-lantegiak ditu Alemanian, Estatu Batuetan eta Herbehereetan, bikaintasun-zentroak Alemanian, Italian, Txinan eta Estatu Batuetan, eta salmenta- eta zerbitzu-bulegoak beste herrialde askotan.
Gainerako sarituak
Euskal industria ehuneko enpresa eta pertsona adierazgarrien lana aitortzen dute Euskal Enpresaren Gauean, lau kategoriatan: Euskal Enpresaririk Onena, Made in Euskadi, Enpresa Berrikuntza eta Euskal Makila.
- Velatiako presidentea eta CEOa den Javier Ormazabal Echevarria enpresaburuak jaso zuen Euskal Enpresaburu Onenaren saria. Hamar enpresek osatutako talde familiarra da Zamudion kokatuta dagoen Velatia enpresa.
- Ampo kooperatibak, berriz, Made in Euskadi saria jaso zuen.
- Azkenik, Bayer AG enpresari eman zioten Euskal Makila saria, Donostian egoitza duen Viralgen enpresaren hazkundeari "bultzada erabakigarria" emateagatik.
