Azaroaren 8an Mintxetan jokatuko duten ziklo-kros proba aurkeztu dute

Barren 2025ko urr. 6a, 15:05

Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolak antolatuta, Besa CX Elgoibar ziklo-kros lasterketa jokatuko dute Mintxetan, azaroaren 8an.

Mugertza kros entsutetsua hartzen du Mintxetak urtero, eta aurrerantzean nazioarteko izaera izateko bokazioarekin sortu duten ziklo-kros proba bat ere jokatuko dute Mintxeta inguruan, Besa CX Elgoibar izeneko ziklo-kros lasterketa, hain zuzen ere.

Antolatzaileek eta babesleek proba aurkezteko agerraldia egin dute gaur musika eskolako auditoriumean, eta bertan eman dituzte hiru kilometroko zirkuituaren inguruko xehetasun teknikoak ere, Imanol Garaizabalen eskutik (bideoan). Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak eta txirrindulari eskolako zuzendari Toni Morenok ere hartu dute hitza.

Aurrekariak

Honakoa ez da Elgoibarren ziklo-kros proba bat jokatzen duten estreinako aldia, 1960an ere jokatu baitzuten proba bat, herrigunea zeharkatzen zuen ibilbidean. Herriko txirrindularitzan aitzindarietakoa izan zen Angel Mugica Suarez izan zen partaideetako bat (beheko irudian), egun Udal Kirol Patronatuko zuzendaria den Ramonen aita. Azken hau agerraldian izan da gaur. Txirrindularitzarako zaletasuna zuten herriko bi koadrilek, -Beti Egarrik eta Umore Onak- sortu zuten Gure Bide Txirrindulari elkartea 1959. urtean, herrian "pedalaren kirola bultzatzeko" asmoarekin. Handik gutxira, 'I. Gure Bide Proba Handia' deitu zioten ziklo-kros proba antolatu zuten. Sasoi hartako txirrindulari entzutetsuenek hartu zuten parte 1960ko urtarrilaren 3an jokatu zen lasterketan, eta Anton Barrutiak irabazi zuen. Angel Mugica izan zen sailkapeneko lehen elgoibartarra. Behin bakarrik jokatu zuten proba hura. Elgoibarko Lagun Taldeko beteranoenek ere gogoan dute euren etapan ziklo-kros probaren bat antolatu izana, baina ez daukate datu zehatzagorik oraingoz, "lehen ez baikenituen halako datuak era sistematizatu batean gordetzen, gaur egungo baliabiderik eta teknologiarik ere ez geneukalako", azaldu du Tomas Salegik.

"Lokatzaren sekzioa"

Antolatzaileek azpimarratu dute indartsu eta "ilusio handiarekin" bueltatuko dela txirrindularitzako kirol disziplina hau Elgoibarrera. "Lagun taldeko lokatzaren sekzioaren sorrera da hau, urte luzetan amets bat izan dena; eta, gaur, gurpil gainean indarrez abiatzen dena", adierazi du prentsaurreko agerraldian Felix Astigarragak.

Udalarekin batera probaren babesle nagusia izango den Besa enpresa proiektua martxan jartzeko funtsezkoa izan dela adierazi dute eta eskerrak eman dizkiote. Lau urterako hitzarmena adostu dute, proba errotu eta sendotzeko asmoarekin. "Kirol-proba bat baino zerbait gehiago altxatzeko lan egiteko konpromisoa adostu dugu, komunitatean hazteak esan nahi duenaren sinboloa izateko, eta Besarekin partekatzen ditugun balioetan hezten lagundu nahi dugu, hala nola, ahalegina, batasuna eta hobetzeko grina moduko balioetan eragin nahi dugu ziklo-krosaren bidez". 

Elgoibarko Lagun Taldekoek  azken aldian Mintxetan egin dituzten teknifikazio saioetako irudiak (ELT)