EH Bilduk, Alderdi Popularrak eta Elkarrekin Gipuzkoa talde mistoak aurkeztu dute Altzolak behar dituen tren zerbitzuetarako sarbide azkarrari eta auzoa biziberritzeko Hiri Berroneratzeko Plan Integralari buruz izeneko erdibideko zuzenketa eta haien botoekin egin du aurrera. Aurka bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk.
Dokumentu horretan, Altzolan geltokia berritzeko proiektua berraztertzeko eta tren geltokia berritzeko proiektua berreskuratzeko eskatzen diote Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari. Eta hori egin ezean, bere gain hartzeko Altzola auzoarekin duten zorra, EuskoTrenek eskaintzen dituen tren zerbitzuetarako aukerarik gabe uzteagatik.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Elgoibarko Udalari eskatu diote "lankidetza aktiboan" jardun dezatela Eusko Jaurlaritzako Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako Zuzendaritzarekin, "Altzola auzoa biziberritzeko politikak ezarri ahal izateko eta auzoak eremu degratu izateari utz diezaion". Eta egin dezatela hori, "ahal dela", trena auzoarentzako jasangarritasun handieneko garraiobide gisa hartuta.
Bestalde, trena hartu nahi dutenentzako kalitatezko sarbidea ziurtatzeko eskatu diote Euskal Trenbide Sareari, eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzari. Hau da, geltokia kentzen dutenean altzolatarrei ziurtatzeko Euskotrenek asteko egun guztietan eskaintzen dituen zerbitzuetara -Altzolatik igarotzen direnetara- iritsi ahal izatea garraio konexio azkar baten bidez, esate baterako, anazka zerbitzu baten bidez Elgoibarko zein Mendaroko geltokietara.
Azkeneko puntu batean, Elgoibarko Udalari zuzendu zaizkio berariaz eta eskatu diote Altzolarako Hiri Berroneratzeko Plan Integrala idatziko duena kontratatzea, beranduenez 2026ko lehen hiruhilekorako.
Altzolan Tren Geltokia Bai plataformakoek Youtuben duten kanalera igo dute osorik, joan den barikuan, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Batzordean egin zuten bilera. Plataformatik aurreratu dutenez, Eusko Legebiltzarrera jotzea izango da emango duten hurrengo pausoa. Altzolako tren geltokia kentzeko erabakia berretsi zuen Eusko Jaurlaritzak maiatzean.