Altzolan Tren Geltokia Bai plataformako kideek Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Trenbide Sareko kideekin egin zuten bilera hilaren 11n. Miguel Angel Paez Mugikortasun Jasangarriaren Saileko sailburuordearekin, Eneko Ugarte ETSko plangintza eta proiektuen zuzendariarekin eta Ana Telleria auzoak biziberritzeko zuzendariarekin bildu ziren, eta 2014an Altzolako tren geltokia mantendu eta hobetuko zutela esan zutenetik gaur arteko ibilbidea azaldu zieten plataformako kideek.
Bilera amaieran ea Altzolako tren geltokia mantenduko zuten galdetu zieten, eta erantzuna ezezkoa izan zen, Altzolako tren geltokia kentzeko erabakia hartuta dagoela. Erantzun horrek plataformako kideen ezinegona areagotu du, uste dutelako Jaurlaritzak berak 2014an hartutako konpromisoari muzin egiteaz gain, plataformako kideek geltokiaren alde bildu dituzten 6.000 sinadurak eta hainbat erakunderekin egiten ari diren ekimen politikoak eta topaketak gutxiesten dituela.
Hala eta guztiz ere, ez dute amore ematen, eta gaia Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenera eramango dute, prozesuan egin diren irregulartasunak epai daitezela nahi baidute.