Euskal Herriko Txapelketa irabaztea zer den badakiten bi aizkolari ziren 2025eko txapela janzteko faboritoak, eta eskarmentu hori final batean abantaila handia dela erakutsi dute Nerea Sorondok (Bera, 1987) eta Nerea Arrutik (Urnieta, 1990). Azken hiru ekitaldiak irabazi zituen aizkolari urnietarra zen txapela janzteko hautagai nagusia. Sorondok, baina, finaletan oso lehiakorra dela erakutsi du Euskal Herriko Txapelketaren zazpi edizioetan. Txapelketaren lehen hiru ekitaldiak irabazteaz gainera (2018koa, 2019koa eta 2021ekoa), txapeldunordea izan zen beste hiruretan. Laugarren garaipen honekin aurrea hartu dio Arrutiri palmares orokorrean.
Kalegoen plazan jokatu duten finalean bi oineko enbor ebaki behar zituzten lanei hasteko, eta lehen aizkorakadetatik hartu du aurrea Sorondok. Gero, aldeari eusten asmatu du. 45 ontzako beste bi egur ebagi dituzte ondoren eta bi kana erdiko amaieran. Berako aizkolaria zen lehiakideen artean beteranoena 38 urterekin, eta probaren amaiera aitortu duenez, gazteagoa zenean zuen indarra eta txispa galdu dituen arren, teknika hobeagoarekin ordezkatzen ditu galera horiek. Finalera ondo prestatuta etorri dela azaldu du eta 20 minutu baino guutxiagoan lanak amaitzea zela bere buruari jarrita zion helburua. Lortu ez arren, -20 minutu eta 16 segundoan osatu ditu lanak-, txapela janzteko nahikoa izan da. Sorondok 18 segundoko alda atera dio Arrutiri. Laiene Pikabea sailkatu da hirugarren postuan.
ETB1en emango dute Elgoibarren jokatutako finala, domeka eguerdian, 12:00etan.
Aizkora jaialdia, irudietan (Argazkiak: Mikel Askasibar / Elgoibarko Udala):