2023ko urria zen. Danelek eztula zeukan, edozein umek izan dezakeen bezala, baina pediatrak badaezpada bi egunetik behin egiten zion umeari jarraipena, biriketako batean haizea ez zitzaiolako behar bezala sartzen. Hamar bat eguneko tratamendua egin ostean, egoerak berdin jarraitzen zuen, eta pneumonia izan zitekeelakoan, Mendaroko Ospitalera bidali zuten, erradiografia bat egitera. Danel oso ondo ikusten zuten gurasoek, eta lasai joan ziren Mendarora. Amaia bakarrik joan zen umearekin. Etxera itzuli, eta garajera heldu orduko deitu zioten ospitaletik, itzultzeko hara berehala. Ander lanean zegoen Amaiaren deia jaso zuenean: "Gaba Beltzerako Ihes Gela prestatzen ari nintzela gogoratzen dut. Dena utzi, eta Mendarora joan ginen". Mendarora iristean medikuaren eta erizainaren aurpegian ikusi zuten ez zela txantxetarako kontua: "Oso serio zeuden biak, eta berehala jakin genuen zerbait larria zela". Erradiografia erakutsi zien, eta bi biriken arteko aldea nabaria zen: bat argia zen eta, bestea, iluna. "Erradiografiak bi dimentsiotan ematen du informazioa, eta medikuak ez zekien likidoa edo solidoa zen han ikusten zena, baina argi esan zigun birika hartan egon behar ez zen zerbait zegoela". Kontsultan bertan zeudela bidali zuten erradiografia hura Donostiako Zainketa Intentsiboetako Unitatera (ZIU), eta ikusi zutenean, berehala bertaratzeko eskatu zieten hango medikuek. Ekografia bat egin zioten umeari, birikan zegoen beltzune hura likidoa baldin bazen, drenatu egin beharko zutelako. Tarte horretan Daneli odol pila bat atera zioten analisiak egiteko, eta medikuek galdera ugari egin zizkieten gurasoei. Ez zekiten zer ari zen pasatzen, baina ez zitzaien gustatzen ikusten zutena eta larritu egin ziren. Mendaroko ospitaleko informean jartzen zuena kontsultatu zuten Interneten gurasoek. Badakite ez dela horrelakorik egin behar, baina egin zuten eta han agertzen ziren tumore eta minbizi kontuak. Kezkatu egin ziren, baina ez zuten txarrenean jarri nahi. "Gaueko 21:00ak ziren, eta oraindik emaitzen zain geunden". ZIUko medikuak etorri zitzaizkien handik gutxira, eta gaua han pasatu behar zutela esan zieten, hurrengo egunean proba gehiago egin behar zizkiotelako umeari. "Orduan ere ez ziguten egoera argi eta garbi azaldu, baina deskantsatzeko esan ziguten, indarrak hartzeko, hurrengo eguna egun gogorra izango zelako".
Iritsi zen hurrengo egun hori. ZIUn zeuden gainerako umeen aldean, ondo ikusten zuten Danel eta horrek lasaitzen zituen gurasoak. Gainera, medikuak ez ziren presaka etorri haiengana, eta hori seinale ona izango zela sinistuta zeuden. Eskanerra egin zioten Daneli, eta etorri zen entzun nahi ez zuten emaitza: "ZIUn berez ezin ziren aiton-amonak sartu, baina mediku batek esan zigun sartzeko barrura aiton-amonak eta gu irteteko kanpora eurekin hitz egitera. Mediku batek onkologoa zela esan zigunean erori zitzaigun mundua gainera".
Danelek birikan tumore handi bat zeukala esan zieten. Giltzurrunean sortutako tumore bat zen, enbrioi arazo batetik sortutakoa, seguruenik Amaiaren haurdunaldian. 10 zentimetro zituen tumoreak, eta 2 urteko ume baten gorputzerako oso handia zen. Toraxean zegoen, birika bat zanpatzen, eta horregatik ez zion ondo funtzionatzen birika horrek. Gibela ere desplazatuta zegoen bere lekutik, eta gerora jakin zuten bihotza ere bere lekutik apur bat mugituta zegoela eta tumoreak aorta ere inguratuta zeukala, baina unean uneko informazioa ematen zieten, beharrezkoa soilik, eta hori eskertu dute. Esan zieten, umearen aldartea ikusita, ez zutela uste tumore bortitzenetarikoa izango zenik ere, baina kimioterapia beharko zuela eta proba gehiago egin beharko zizkiotela, tumoreak izena bazuen arren, oraindik abizena falta zuelako. "Kimioterapia entzun nuenean hondoratu egin nintzen", esan du Anderrek. Amaia ere oso urduri jarri zen, botaka hasi zen han bertan, eta bizitza geratu egin zitzaiela sentitu zuten.
Urriaren 25a zen Danel ingresatu zutenean, eta hurrengo egunean eman zieten bizitzako ostikorik gogorrena. Biharamunean, Danelen urtebetetze eguna zen.
ASPANOGI
Bizitza aldapan gora jarri zitzaien, baina maldarik gogorrena igotzen laguntzeko bidelagun ezin hobea agertu zitzaien biharamunean: Aspanogi. Urriaren 27a zen, eta Danelek 2 urte egin zituen. Ez zeuden ospakizunetarako, baina Aspanogiri esker, berezia izan zen eguna. Opariak ekarri zizkieten eta Danelek pozik ospatu zuen urtebetetzea.
1996an sortu zen Aspanogi elkartea, Gipuzkoako haur minbizidunei eta haien familiei babesa emateko. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta adingabe minbizidunen eta haien senideen bizi-maila hobetzeko egiten du lan, arreta osoa eskainiz familiei diagnostikoa ematen dieten unetik, bai ospitalean eta baita ospitaletik kanpora ere. Donostiako ospitalearekin harreman zuzena dute elkartekoek, eta egunero egiten dute ospitalera bisita. Zaintzailea zaintzea dute helburu, eta horretarako hainbat baliabide dituzte. Besteak beste, eguneko bazkari eta afari txartelak ematen dizkiete gurasoei ospitaleko egonaldietarako, eta baita Donostian bertan duten etxebizitza bat laga ere: Piratenea. Han egon ziren bizitzen Ander eta Amaia ere Danel ospitalean egon zen bitartean. Gauez atseden hartzea gomendatu zieten medikuek, eta Pirateneara erretiratzen ziren, Danel senideren batekin lagata. "Noraezean" ibiltzen ziren Donostian, eurek lur jota zeudela, bizitzak aurrera segitzen zuela ikusten. Ezin zuten ulertu nola segitzen zuen denak bere horretan euren bueltan.
Aspanogiren egitekoa bihotzez eskertu dute: "Izugarria da Aspanogik egiten duen lana. Unerik gogorrenetan ere alboan izan ditugu eta eurek eutsi gaituzte". Burokrazia lan guztiak beren gain hartu zituzten Aspanogikoek, eta psikologia zerbitzua ere eman zieten. "Bizitza eten zitzaigun unean, ezagutzen ez genituen esku batzuk agertu ziren gu eusteko".
Aspanogirekin batera, Donostiako ospitalean ere sekulako lantalde profesionala eta humanoa aurkitu dute, eta "tratu bikaina" jaso dute uneoro. "Ospitalea bera ere tentu handiz zainduta dago, umeentzako egokituta". Ume bakoitzak bere izena dauka gelako atean, bere gustuko irudiren batekin apainduta, Danelen kasuan, Patrulla canina. Gurasoentzako gela, dutxa eta sukaldea ere badaude, hozkailu eta mikro-uhin labearekin. Umeari nahi zuten otordua prestatzeko aukera zeukaten: "Helburua umeak jatea zen, berak nahi zuena, baina jatea, tratamendurako indarra edukitzeko".
Lehenengo ospitaleratzea izan zen luzeena, hilabete egin baitzuen Danelek ospitalean. Lehenengo bi asteak proba batetik bestera ibili zuten umea, eta jarri zioten halako baten abizena tumoreari. Lokalizatuta zegoela esan zieten eta metastasirik ez zegoela, baina kimioterapiaren ostean ebakuntza egin beharko ziotela Bartzelonan. Ebakuntzaren ondoren, berriz, erradioterapia jaso beharko zuen Danelek, Madrilen. Egunean egunekoa bizitzea erabaki zuten: "Honek zerbait erakutsi badigu izan da epe luzerako planak egitea alferrik dela, inoiz ez baitakigu bizitzak zer ekarriko digun".
Kimioterapia saioak 21 eguneko epean jasotzen zituen Danelek, eta batzuetan saio bat bestearekin elkartzen zitzaion. Oso gogorra izan zen: "Kimioterapia hartu eta astebete ingurura sukarra hasten zitzaion, eta ospitaleratu egiten zuten. Gainditzen zuenerako, ondorengo saioa tokatzen zitzaion".
EBAKUNTZA BARTZELONAN
Lau kimioterapia saioren ostean joan ziren Bartzelonako La Vall d'Hebron ospitalera, baina tumorea ez zela behar beste txikitu esan zieten, eta oraindik ezin ziotela ebakuntza egin. Beste bi kimioterapia saio behar izan zituen. "Urduri geunden, baina ospitaleko mediku taldeak konfiantza osoa eman zigun. Zirujaua oso ona zela jakin dugu gerora, medikuntza munduan eminentzia bat, eta justu Danelek tumorea zeukan zonaldean espezialista".
Diagnosia jaso zutenetik sei hilabetera egin zioten ebakuntza. Bederatzi orduko ebakuntza izan zen. Ospitaletik kanpora joan ziren eguna pasatzera, eta bost bat ordu pasatu zirenean ospitaletik deitu zioten Amaiari, dena ondo irten zela kontatzeko. Bazkaltzen zeuden, eta pozaren pozez, lurrera bota zen jatetxean bertan. Anderrek eta gainerako senideek ez zekiten zer esan zioten telefonoaren beste aldetik, eta urduritasun uneak bizi izan zituzten segundo horietan. "Halako batean, 'dena ondo' ahoskatu zuen Amaiak, eta algaraka hasi ginen denok. Amaiaren nebak xanpain botila zabaldu behar genuela ere esan zuen!".
Ebakuntzatik berreskuratu ostean, erradioterapia egin zioten Madrilen. "Zorionez, dena ondo irten zen, eta eman genituen pauso guztiek amaiera ona izaten zuten".
14 hilabete iraun zituen amets gaiztoak, baina dagoeneko bukatu da. Orain ohiko azterketak egitera joaten dira ospitalera eta, sinestezina dirudien arren, gertatukoaz oroitzapen ona daukate: "Ez da erraza azaltzen, baina ospitalean sartzen garenean, garai haren falta nabari dugu. Hain egon ginen zainduta eta babestuta... Bahiketetan gertatzen den bezala, Estokolmo sindromea daukagu. Kontraesana dirudi, baina txarra ahaztu eta onarekin geratu gara. Oroitzapen onak dauzkagu". Hala ere, badakite ez dela ohikoena. Epealdi honetan ikusi dituzte amaiera onik izan ez duten kasuak ere, eta oso gogorra egin zaie. "Gu Danelen ebakuntza ondo irten zela ospatzen ari ginenean, negar zotinka ikusi genuen ama bat, umea makinetatik deskonektatu berri zutelako".
Danelen jokabidea heldu batena izan da uneoro, eta horrek eman die aurrera egiteko indarra: "2 urte besterik ez, eta txapeldun batek moduan egin dio aurre guztiari". Familiakoentzat, berriz, esker on hitzak izan dituzte, "unerik gogorrenetan ere hor egon direlako". "Gurasoak, neba eta koinata, eta baita amama ere. Izugarri sufritu dute, negar asko egin dute, baina denbora guztian gu eusten saiatu dira".
Bi urteko etena izan du euren bizitzak, baina denbora ez da gelditzen eta aurrera egin beharra dago. Bigarren alaba ere izan dute tarte horretan, Elene. "Ez genuen zalantzarik izan eta Danelentzako sekulako oparia izan da. Zoratzen dago harekin".
Aurrera begira baikor daude. Badakite minbizia berriz agertu daitekeela; edonori gerta dakioke. Azken azterketako emaitzak onak izan dira, eta bi urteren ondoren, ohiko bizimodua berreskuratu dute. Astelehenean beteko ditu 4 urte Danelek, eta ziur merezitako moduan ospatuko dutela.
Aspanogi elkartea izan zen omenduetako bat Elgoibarren egin zuten Kilometroak jaian:
