Ibaiko paisaiaren parte bihurtu dira terrazetako mahaiak eta aulkiak

Barren 2025ko urr. 23a, 10:55

Deba ibaia bizia berreskuratzen ari dela nabarmendu genuen agerkari honetan duela gutxi, arrantzaleak ere itzuli zirela-eta.

Kontrara, irudiotan ikus daitekeen moduan, hobetzeko asko dugu ibaiarekin dugun harremanean. Maala inguruko terrazetako altzariz josita dago ibaia. Asteak daramatzate uretan, eta azken asteburuan aulki eta mahai gehiago jaurti dituzte ibaira. Herritar batek baino gehiagok helarazi dio bere kexa BARRENi. "Ez dakit noren ardura izango den orain hori garbitzea, baina lortu behar genukeena da inork ez botatzea zaborrik ibaira. Errespetua eskatzen dugu", adierazi du herritar horietako batek.

Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, brigadako beharginek aterako dituzte altzariok ibaitik. Alabaina, gogora ekarri dute guztion ardura dela herria eta inguruak garbi mantentzea.