Gazteen osasun mentalaren inguruko begirada eraldatzea du helburu Zurrunbiloa proiektuak. Danobatgroup industria-taldearen laguntzarekin gauzatu dute proiektua eta Elgoibarko Udalaren babesa ere izan du otsailean aurkeztu zuten egitasmoak.
Sustrai sozialak dituen krisi bat izanik, bigarren fasean komunitatetik erantzuteko baliabideak sortzea izan da egitasmoko sustatzaileen asmoa. Hori dela eta, herri bat hautatu dute, Elgoibar hain justu ere, eta diagnostiko bat egin dute herrirako. Hasteko, herrian osasun mentalaren inguruan dauden baliabide publiko guztien argazkia egin dute. Ondoren, gazteen diagnostikoa egin dute eskoletan.
- Saio irekia: Orain arte egin dutena azaltzeko eta nerabeen ongizate emozionalari buruz egin duten azterlanaren diagnostikoaren ondorio nagusiak gizarteratzeko saio irekia antolatu dute urriaren 23rako, eguenerako. Udaletxeko pleno aretoan izango da saioa, 18:00ean.
Aurreratu dutenez, aurkeztuko duten diagnostikoak hainbat datu "interesgarri" bistaratuko ditu, gazteen bizipen eta erronkei buruzko ikuspegi baliotsua eskaintzen dutenak. Datu deigarri bat ere aurreratu dute, honakoa: "Elgoibarko nerabeen %21ek du osasun mentaleko arazoren bat".
Egueneko saio horretan, Zurrunbiloa proiektuaren lehen faseko ondorioak eta etorkizuneko lan-ildoak "elkarrekin" landu nahi dituzte, eta horregatik gonbidatu ditu Udalak herritarrak parte hartzera, bereziki gurasoak, euren seme-alaben errealitatea hobeto ezagutzeko eta elkarrekin hausnartzeko aukera izango dutela uste baitute. Diagnostikoak agerian laga dituen ondorioak hurrengo urratsak zehazteko "abiapuntua" izango direla azaldu dute, herrian berton prebentzio eta laguntza sareak sendotu ahal izateko.