Euskal gazteen artean, bost lagunetik batek osasun mentaleko asaldura bat du diagnostikatua. Antsiolitikoen kontsumoa ere bider sei egin da gazteen artean, eta bereziki deigarria da neskatoei zer adinekin preskribatzen zaizkien antsiolitikoak: 11-12 urterekin. Zer gertatzen ari den gertutik ezagutzeko eta "gazteei arretaz entzuteko" asmoarekin Elhuyarrek Zurrunbiloa proiektua sortu du, Danobatgroupen babesarekin.
Gaur aurkeztu dute proiektua Donostian eta beste hainbaten artean Jose Antonio Hidalgo Mangas Danobatgroupeko lehendakariordeak, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak eta Maialen Aranguren Gazteria Saileko teknikariak ere parte hartu dute, Elgoibarko Udala ere ari baita proiektuan parte hartzen
Zurrunbiloa proiektua hiru fasetan banatu dute.
- Lehenengo fasean, hamar aditurekin eta lau gaztek emandako testigantzekin bost bideotako serie bat osatu dute, besteak beste.
- Bigarren fasean, Elgoibarren, herri mailako diagnosi bat egingo dute.
- Hirugarren fasean, gizarteari, emango diote protagonismoa.
Ikus-entzunezkoez gain, zurrunbiloa.eus webgunea ere sortu dute. Bertan, adituei egindako elkarrizketak, gurasoentzako eta gazteentzako aholku edo proposamenak, laguntzarako baliabideak eta eduki sakonagoak egongo dira kontsultagai. Nerabeen garapenari buruzko azalpen teknikoagoek ere izango dute tartea webgunean.
Lehen fase honetan, ETBren babesa izan du proiektuak, eta, horri esker, ikus-entzunezkoak Primeran plataforman eta ETBn egongo dira ikusgai, baita zurrunbiloa.eus webgunean ere. Lehenengo atala gaur estreinatuko dute zurrunbiloa.eus-en, Primeran-en eta Euskal Telebistan (ETB1, 23:45). Hortik aurrera, martitzenero atal bat estreinatuko dute."Biba Zuek" saioan ere edukiak aztertuko dituzte, martitzenetan, eta, Elhuyarren eta EITBren sare sozialetan, ikus-entzunezkoen hedapena egingo dute.
Bigarren eta hirugarren faseak
Sustrai sozialak dituen krisi bat izanik, bigarren fasean komunitatetik erantzuteko baliabideak sortzea da Zurrunbiloa egitasmoko sustatzaileen asmoa. Hori dela eta, herri bat hautatu dute, Elgoibar hain justu ere, eta diagnostiko bat egingo dute herrirako. Hasteko, herrian osasun mentalaren inguruan dauden baliabide publiko guztien argazkia egingo dute. Ondoren, gazteen diagnostikoa abiatuko dute eskoletan.
Horretarako, Zurrunbiloa proiektuko ikus-entzunezkoetan testigantzak eman dituzten gazteek lehenengo eskutik partekatuko dituzte bizipenak Elgoibarko nerabeekin, eta aldi berean nerabe horien pertzepzioa jasoko dute. Azkenik, lan-saioak egingo dituzte Elgoibarren nerabeekin lan egiten duten eragileekin. Eragile horiek gazteen ongizate emozionalaren inguruan herrian egin duten irakurketa jasoko dute. Argazki orokor horri erreparatuta, arazo nagusiak eta haien eragileak identifikatuko dituzte, eta horien inguruko formakuntza-saio batzuk eskainiko dituzte guraso, hezitzaile, teknikari eta abarrei zuzenduta.
Proiektuaren hirugarren faseak gizarteari, emango dio protagonismo osoa. Bi urtetan batutako ondorioak oinarri hartuta, hausnarketa-prozesu bat irekiko dute herrian nerabeen inguruan lan egiten duten eragile publikoekin, aisialdia, kirola, hezkuntza, kultura, etab… aintzat hartuz. Helburua izango da nerabeen ongizate emozionala zaintzeko gizarte mailan dauden erronkak identifikatzea, etorkizuneko esku-hartzeak irudikatzeko.
Proiektuan parte hartu duten gazte eta ikertzaileak:
- Lau gazteak: Aroa Colás Fariña, 18 urtekoa. Eneko Sagastume Rajado, 23 urtekoa. Garazi Olaizola Badiola, 22 urtekoa. Laura De la Iglesia Sánchez, 24 urtekoa.
- Hainbat esparrutako adituak: Jon García Ormaza psikiatra, Maitane Ormazabal Esnaola psikologoa, Xabi Martinez Mendia farmazialaria, Nerea Lertxundi Iribar neuropsikologoa, Amaia Bacigalupe De la Hera soziologoa, Nahia Idoiaga Mondragon psikologo ebolutiboa, Maider García de Bikuña Quintana sexologoa, Miriam Arrieta Lertxundi orientatzailea, Naiara Ozamiz Etxebarria psikologoa eta Telmo Lazkano Muga osasun digitalean aditua.