Mikologiara gerturatzeko jarduera antolatu dute urriaren 25erako

Barren 2025ko urr. 21a, 12:31

Karakate Mikologi elkarteak antolatutako Mikologi Jardunaldi batetako artxiboko irudia. BARREN

"Gure natura ezagutzen" programaren baitan, perretxikoen eta onddoen mundua ezagutzeko jarduera egingo dute hileko azken zapatuko feria egunean. 

Atxutxiamaikak, Baso Biziak Elkarteak eta Morkaikok antolatu duten Gure natura ezagutzen programa amaierara iristen ari da aurtengoz. Azkenaurreko jarduera izango da mikologiara gerturatzea xede duena. Azoka Biziz proiektuarekin elkarlanean antolatu dute, eta hileko azken zapatuko feriaren baitan egingo dute, urriaren 25ean. Batetik, Karakate elkarteko kideek prestatuko duten perretxiko erakusketa ikusteko aukera egongo da Kultur Etxeko sotoan, 11:30etik 14:00etara bitartean. Bestetik, antolatzaileek prestatuko duten ginkanan parte hartzeko aukera izango da kanpoaldean. Zehaztu dutenez, familian, lagunekin edo nahieran parte hartzeko aukera izango da ginkanan.

 
Hilabete amaierako nekazaritza eta abeltzaintza azoka

Debemenek eta Udalak antolatuta, hileko azken zapatuko feria egingo dute urriaren 25ean. Honatx egitaraua:

  • 09:00-14:00 Elgoibarko baserrietako produktuen ArTalde Artisau Taldekoen produktuen salmenta, Kalebarren plazan.
  • 11:00etatik aurrera, C.D. ELgoibar elkarteak herriko baserri eta harategietako produktuekin eginiko pintxoak prestatu eta salduko ditu Kalebarren plazan ipiniko duten txosnan.
  • 11:30 - 14:00 Mikologiara gerturatzeko jarduera
  • Eguerditik arratsaldera, ganadu erakusketa Kalebarren plazan