Umeentzako zuhaitz landaketa saio batekin hasiko dute domekan 'Gure Natura ezagutzen' ekimena

Barren 2025ko mar. 4a, 13:13

Gure Natura Ezagutzen ekimenaren aurtengo ekitaldi sorta aurkeztu dute sustatzaileek: Morkaiko Mendizale Elkartea, Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi saila eta Elgoibarko Baso Biziak elkartea.

Duela bi urte batu zituzten indarrak herriko hiru eragilek, herritarrei gure natura ezagutzera emateko asmoz. Atxutxiamaika, Baso Biziak eta Morkaiko elkarteek hasi zuten bidea Udalaren eta hainbat herritarren laguntzaz, eta aurten hirugarren edizioa izango dute. Bertoko natura, fauna eta flora ezagutzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte Gure Natura Ezagutzen ekimenaren baitan, eta zuhaitzak landatzeko umeentzako saioa izango da aurrenekoa, domeka honetan, martxoaren 9an. 

Umeentzako zuhaitz landaketa 

Muskiritzuko magalean dagoen eta lagapen akordio bidez lortu duten lursail batean egingo dute landaketa, eta parte hartzera animatu dituzte herriko haurrak. Mintxetako aparkalekuan elkartuko dira 09:30ean, eta handik autoetan joango dira landaketa guneraino. 12 urtetik beherako haurrak heldu batek lagunduta joan beharko direla zehaztu dute. Gomendatu dute mendiko edo euritako botak eramateko, eta ura ere norberak berea eramatea. Aldiz, antolatzaileek jarriko dituzte landaketarako beharrezkoak diren erremintak eta eskularruak Bellota Europe enpresaren laguntzari esker. 
Era berean, lanak bukatutakoan mokadua ere banatuko diete parte hartzaileei. "Anima zaitezte, egun paregabea pasako dugu-eta. Gainera bazkalordurako denok etxean", esan dute.

Gure Natura Ezagutzen ekimeneko jardueren berri gerturatu ahala emango dutela ohartarazi dute antolatzaileek. Geologia eta marearteko fauna ezagutzeko Zumaiara egingo dutern irteera izango da hurrengoa, martxoaren 30ean.