'Txapeldunorde' kaleratu dute, 'Subcampeon' liburuaren euskarazko bertsioa

Barren 2025ko urr. 16a, 14:18

'Subcampeón' autobiografia gordin eta zintzoa idatzi zuten Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohiak eta Ander Izagirre kazetari eta idazleak lau eskutara.

2023an argitaratu zuen liburua Ediciones Del K.O. argitaletxeak, eta orain euskarazko bertsioa kaleratu dute, Txapeldunorde izenburuarekin. "Duela hiru urte, Ander Izagirreri elkarrekin liburu bat idazteko proposamena egin nionean, gaixoak ez zuen uste izan gure maitasun istorioak hainbeste iraungo zuenik", azaldu du Gurrutxagak sare sozialetan zabaldu duen mezuan. Euskarazko bertsioa dagoeneko liburudendetan dagoela azaldu dute Gurrutxagak eta Izagirrek.

Zuhaitz Gurrutxaga eta Ander Izagirre 'Txapeldunorde' liburuarekin. 

Txapeldunordearen lekutik begiratu dio Gurrutxagak bizitzari libururako, 'FutbolisTOC' bakarrizketan bezala, eta umorea hartu du lagun futbolari zenean izandako osasun mentaleko arazoez berba egiteko. Realarekin Espainiako Ligako txapeldunorde gelditu zen garaian hasten du liburua, 2002-2003ko denboraldian.

Txapeldunorde gelditu ziren garaiko kontakizunarekin hasi eta 19 urterekin Realarekin Lehen Mailan jokatzea lortu zuen gaztearen bizitza kontatzen du liburuan. Ametsa bete zuen, dirua egin ere bai, baina futbolak beste presio batzuk ere sortu zizkion Gurrutxagari, jasangaitzak egin zitzaizkionak, eta horrek antsietatea eta Nahasmen Obsesibo Konpultsiboa eragin zizkion. Futbolari indartsu eta ahalguztidunaren irudia apurtzen du Gurrutxagak, liburuko azalean baloiarekin egiten duen modu berean.

Panenka aldizkariak banatzen dituen sarietako bat ere eskuratu zuen Subcampeon liburuak, Urteko Liburuaren Saria, hain zuzen ere.