Iban Gonzalez: "Esperientzia aparta izan da txirrindularitzaren epizentroan munduko txapelketa batean lehiatzea"

Barren 2025ko urr. 15a, 18:46

Herbeeretako Limburg probintziako Maastricht, Beek eta Beekdaelen hirien artean jokatu dute Munduko Gravel Txapelketa, txirrindularitzak indar handia duen zonaldean. Era honetako lasterketa bat barrutik bizitzeko aukera izan du Iban Gonzalez Ferro elgoibartarrak.

UCIk antolatzen duen Munduko Gravel Txapelketa Herbeeretako Zuid-Limburg eskualdean jokatu zuten asteburuan. Nolako esperientzia izan da munduko txapelketa batean lehiatzea?
Esperientzia aparta izan da, berriro errepikatzeko gogoz laga nau. Txirrindulari profesionalen ibilbide berean lehiatu ginen gainerakook, haiek pixka bat lehenago irten baziren ere. 180 kilometroko ibilbidea zuen probak, 1.600 metroko desnibelarekin. Hiru itzuli eman genizkion 50 kilometroko zirkuitu bati eta gero Maastricht aldera jo genuen, helmugara. Herbeeretan aldapa handirik ez dagoen arren, ez dira errepide samurrak. Gravel probetan ohikoak diren hartxintxarrezko ibilbideez gainera, errebueltez josita zegoen ibilbidea; apenas zegoen zuzengunerik. Taldean zoazenean, kurba hartzeko asko frenatu behar izaten da, eta indar asko xahutzen da berriro abaila hartzeko. Horrela, behin eta berriro. Nekagarria bezain gustagarria da. Arratoientzako moduko ibilbideak direla esaten diegu halakoei. 

Inguru haiek ezagun egin dituzten galtzada-harrizko (paves) guneetatik igaro zineten? 
Landetxe moduko batetik pasa ginenean 20 bat metroko harrizko galtzada bat igaro genuen, baina besterik ez. Pavesik ez, baina Amstel Gold Race klasikan igotzen dituzten zenbait aldapa sartu zizkiguten ibilbidean. 

Nola prestatu zara proba honetarako?
Elvasen (Portugal) jokatu nuen World Series txapelketako proban lortu nuen Munduko txapelketarako sailkatzea, nire kategorian, Master 40-44. Harrezkero, esperientzia hau ahalik eta hobekien bizi ahal izateko prestatzea izan da nire helburua. Duintatsunez lehiatzeko gai izan nahi nuen eta ez leher eginda amaitzea. Bete nuen nire helburua, eta pozik bukatu nuen proba. Nire kategorian, 40 eta 44 urte artekoetan, 274 lagun irten ginen eta 70. postua eskuratu nuen. Kategoria guztiak batuta 1.800 txirrindulari inguru lehiatu ginen. Kategoria bakoitzak bere irteera ordua dauka. Hain zuzen, irteerari nion beldurrik handiena, gravel probetan zoroen pare irteten baitira asko, posiziorik onenak hartzeko borrokan. Bideak estuak direnez, zaila izaten da lehiakide asko aurreratzea eta horregatik da funtzeskoa leku ona hartzea lehen kilometroetan. Halere, azkar; edo, hobeto esanda, azkarregi irteten diren askok leher egiten dute, eta izaten da horiek aurreratzen joateko aukera. Hori izan zen nire taktika. 

Noiztik zabiltza gravel probetan?
Duela pare bat urte hartu nuen parte lehen aldiz gravel proba batean, Monegrosen egiten duten proba ezagun batean. Gero izan nuen UCIk antolatzen dituen World Series txapelketaren berri. Ligaxka moduko bat da, eta horietako kategoria bakoitzeko onenek [%25ak] Munduko Gravel Txapelketan lehiatzeko aukera izaten dute. Motibazio edo pizgarri bat izan zen niretzat. Gogoa nuen era honetako lasterketa bat barrutik nolakoa den ikusteko. Herbeeretako mundialean ikusi dudana telebistatik ikusten dugunaren parekoa izan da. Nire lehen esperientzia izan da era honetako lasterketa batean, eta esan dezaket Belgikan edo Herbeeraetan lasterketak bizitzeko modu berezia dutela. Bakarra da han sortzen den giroa. Jendea koadriletan joaten da lasterketak ikustera, karpak ipintzen dituzte bide ertzetan, eta garagardoak edanez eta parrillan jana errez gozatzen dute. Jai ederra muntatzen dute ikusleek. Oso polita iruditu zait. Gravela ez dago oraindik errepideko txapelketen eta proben parean, baina antolakuntza aldetik ere ikusgarria izan da munduko txapelketa bat barrutik ezagutzeko aukera izatea. Epaileak ere etorri zitzaizkigun makina batekin ia gure bizikletek motorrik edo lagungarririk zuten egiaztatzera. Harritu ninduen gu moduko zahar batzuei halako probak pasatu behar izateak, baina antolatzaileen seriotasuna erakusten du. Nire kategorian txirrindulari profesional ohiak ere lehiatu ziren, Phillipe Gilbert, Alberto Losada edo Nicolas Roche, besteak beste. 

Gravelean jarritzeko asmoa duzu?
Gero eta proba gehiago antolatzen dituzte eta parte hartzen jarraitzea da nire asmoa, bai, harra sartu baitzait, harrapatu egin nau modalitate honek. Zailena da kilometro asko egin behar direla autoan proba horiek jokatzen diren lekuetara joateko. Errioxan eta Arabar Errioxan dauzkagu bi proba datozen asteetan. Beste kontu bat izango da Munduko Txapelketarena. Sailkatzen banaiz ere zaila ikusten dut hurrengo urtekora joatea, Australian izango baita. Beharbada hemendik bi urtera jokatuko dena da aukera garbiagoa, Frantziako Alpeetan izango baita. Espainian hiru lasterketa daude UCIren Munduko Txapelketara sailkatzeko aukera ematen dutenak, Castellonen, Badajozen eta Gironan. 

Inguruak ezagutzeko aprobetxatu duzue Herbeeretara eginiko bidaia, ezta?
Bai, laupabost egun hartu ditugu hemengo parajeak ezagutzeko [handik erantzun ditu BARRENen galderak] eta turismo pixka bat egiteko, aprobetxatu beharreko aukera baita. Hori bai, tratua izan da ezin nuela bizikletarik ikutu lastterketaren bukaeratik etxera itzuli arte.