Iban Gonzalez Ferro elgoibartarra gravel bizikletentzako World Series txapelketako proba batean lehiatu zen, martxoaren 29an, Elvasen (Portugal), eta han lortutako emaitzari esker, Munduko Gravel Txapelketa jokatzeko sailkatu da. Portugalgo Elvas herrian hasi zuten proba eta 114 kilometroko ibilbidea osatu ostean Espaiako Badajoz hirian zuten helmuga. Gonzalez 74. postuan sailkatu zen 14. postua bere kategorian).
UCIk antolatzen duen Munduko Gravel Txapelketa Herbeeretako Zuid-Limburg eskualdean jokatuko dute , urriaren 11n eta 12an. UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna 2022an hasi zen Munduko Gravel Txapelketa antolatzen, eta laugarren edizioa izango da aurtengoa. Nizan jokatzekoa ziren arren, Frantziako hiriak uko egin zion txapelketa antolatzeari eta Herbeeretako Limburg probintziako Maastricht, Beek eta Beekdaelen hiriek hartu dute txapelketa antolatzeko ardura. Txirrindularitzak indar handia duen zonaldea da.
UCI Gravel World Series txapelketa osatzen duten 33 probetan lehiatuta lortzen dute txirrindulariek munduko txapelketarako sailkatzea.
Asfalto gainean nahiz zoru zakarrean azkar joateko aukera ematen duten bizikletak dira gravelekoak. Errepideko eta mendiko bizikletaren hibrido moduko bat da, ia edonon ibiltzeko balio duena, nola errepidean, hala mendian. Egokiak dira abentura zaleentzat, baina lehiatzeko ere erabiltzen dira, eta hazkunde handiena duen txirrindularitzako diziplinetako bat da. Mendiko bizikletarekin gertatu zen moduan, AEBetan jatorria duen modalitatea da.